Oreina

Orein ugaztun hausnarkarien taldeko animalia belarjalea da. Europan, mendebaldeko eta erdialdeko Asian eta Atlas mendietan jatorria duen espezie hau Australiara, Zeelanda Berrira eta Argentinara eraman dute ehizarako.

Oreina Euskal Herriko basoetako ugaztun handiena dugu. Bambiren istorioak entzun genituen garaitik oso maitatua da eta gainera dotorea da zinez, biziki desiratua ehiztarien artean. Gehiegizko Ehizak euskal lurretatik erabat desagerrarazi zuen oreina aspaldian eta 1950eko hamarkadara arte ez zen inolako saiakerarik egin espeziearen berreskurapenerako. Andaluziatik ekarritako aleak askatu ziren Gorbeia eta Nafarroako iparralde eta ekialdeko zenbait eskualdetan. Orein hauek arazo anitz gainditu behar izan zuten, euren jatorrizko klimaz desberdina den ingurunerako egokitzapena alde batetik, isilpeko ehiztarien sua bestetik. Hala ere, gaur egun orein populazioa dezente egonkortu dela esan daiteke: Gorbeia aldean 500 ale inguruko populazioa dugu eta Belate mendatetik Izabarako eremuan 800 bat ale bizi direla estimatzen da. Gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste eremu batzuetara ere zabaldu dira oreinak.

Oreina ugaztun lerden eta sendoa da, zenbaiten ustetan planta harroduna. 100–150 cm-ko altuera eta 100–200 kg-ko pisua har ditzake, eta emea nabarmenki txikiagoa izan ohi da. Ilaje marroi gorrixka izan ohi du uda partean eta gris tonuak hartzen ditu neguan. Ipurtaldea zuria dauka, basoko sasi eta zuhaitz artean arriskuaren aurrean ihesi doan taldekideaz ohartu eta ihesari berehala ekiteko. Buru handi samarra eta belarri luzexka ditu.

Hala ere, oreinaren ezaugarri morfologiko nabarmenena arrek buru gainean daramaten adar koroa itzela da. Hezur ehunez osatutako egitura adarkatuak dira, eta bere eraketarako oreinari gastu metaboliko dezentea eskatzen dio. Adarrak urtero hazten zaizkio, araldian sartzen denean beste arrekin borrokatu ahal izateko. Araldia bukatu bezain laster aldaketa hormonalek eraginda adarrak erori egiten dira eta 3 hilabetez adarren hazkuntza burutuko da; urtero punta berri bat garatuko du.