Tasmaniako deabrua

Tasmaniako deabrua gaur egun Australiako Tasmania uhartean bakarrik bizi den ugaztun marsupial haragijale bat da. Tasmaniako desbrua Sarcophilus generotik bizirik gelditzen den abere bakarra da.

Lehen Australian ere bazeuden, baina, ganadua eta oiloak jaten zituela uste zutenez, bertako nekazariek ez zioten estimu handirik; beraz, denak akabatu zituzten. Gerora jakin da hildako animaliak, muskerrak, karraskariak eta beste animalia txiki batzuk jaten dituela gehienbat.

Garai batean hainbat espezie zeuden arren, gaur egun irauten duen espezie bakarra txakur ertain baten tamainakoa da: 4 eta 12 kilo bitartean pisatzen du, 52-80 cm-ko luzera du eta 23-30 cm-ko buztana. Larru beltza edo iluna du eta orban txuri bat eztarrian.

Izena beldurgarria badu ere, nahiko lotsatia da. Gautarra da eta egun osoa ematen du gordelekuan sartuta. Hala ere, kontuan izan behar da oso baraila sendoak dituela, animalia baten hezurdura guztiz txikitzeko modukoak, eta, diotenez, haren oihuak ikara sortzen du.