Katua

Katua edo etxe katua ugaztun haragijale txiki, normalki iletsu eta etxekotua da. Carnivora ordenaren barruan Felidae familian sailkatzen da. Beste felino batzuk ere katu izena izaten dutenez askotan etxe katua erabiltzen da desberdintzeko, nahiz eta basakatu batetik ondo desberdintzen den. Beharrik ez dagoenean katu hitza erabilita nahikoa izaten da. Katuak oso erabiliak dira konpainia emateko gizakiei eta saguak zein beste animalia ez gogoko batzuk ehizatzeko duten gaitasunagatik. Katuak gizakiekin bizi izan dira gutxienez orain dela 9.500 urtetik[3] eta gaur egun konpainia-animalia hedatuena da[4]. Gizakiekin batera bizi direnez, ia edonon aurki daitezke gaur egun munduan.

Katuaren neurria 60 cm-taraino heldu daiteke buztana kontutan izanda eta bere pisua 2,5 y 7 kg kilo artekoa izan daiteke.

Katuak azkar ugaltzen dira. Ugaltze kontrolatuarekin pedigria izan dezakete, eta erakusketak egoten dira arraza ezberdinekin. Etxeetatik alde egindako katuek, edo alde batera utzitakoek basakatu asko sortu dituzte mundu osoan zehar. Kontuan hartu behar da horiek ez direla basakatuaren espezie bera.