Jirafa

Jirafa jatorriz Afrikakoa den ugaztuna da. Jirafa oreinen eta behien ahaidea da, baina beste familia batean dago sailkaturik, Giraffidae familian alegia. Familia honetan jirafa bera eta bere ahaide hurbila den okapia soilik daude.

Lurrean bizi den animaliarik altuena eta hausnarkaririk handiena da. Azalean orban handi irregularrak ditu, horixkatik hasi eta beltz kolorerainokoak, marra zuri, horixka edo beltzez banatuak. Jirafa ar helduen batez besteko pisua 1.192 (azpiespezie guztien arteko batezbestekoa eginez) kilokoa da, eta eme helduena 828 kilokoa. Beren altuera 4,3 eta 5,2 metro artekoa da batez beste, eta inoiz aurkitutako alerik altuena 6 metrokoa izan zen eta 2.000 kilo ingurukoa. Dena den, azpiespezien artean desberdintasunak badaude tamainari dagokionez, horrela, azpiespezie txikienean arren batezbesteko pisua 1.000 kilotik behera dagoen bitartean, azpiespezie handieneko (Masai jirafa) pisua sarritan 1.600 kilotara heltzen da, baina 2.000 kg-ko arrak ere aurkitu izan dira.

Beraz, tamaina kalkulatzeko azpiespezieka aztertzea komenigarria litzateke, oro har, azpiespezien batezbesteko pisuari dagokionez, esan genezake 750-1600 kilo bitarteko pisua daukatela, eta pisu hori batzuetan (batez ere Masai jirafaren kasuan) gaindi dezakete.

Lepo eta hanka luzeak izan arren, bere gorputza nahiko motza da, eta isatsa belaunetaraino iristen da. Mihi luzea du, luzagarria zein bilgarria da gihar berezi batzuei esker. Begiak oso handiak ditu eta kolorez ikusteko gai da, ikusmenarekin batera entzumena eta usaimena ere oso garatuak ditu. Are-ekaitzetatik eta inurrietatik babesteko, bere sudurzuloak erabat ixteko gai da, horrekin batera, akazia arantzatsuak segurtasun osoz jateko, espainak, aho barnekaldea eta mihia papila bereziez babestuta dauzkate.

Buruan bi adarren itxurako buruadarrak ditu, berez ez dira adarrak, buruezurraren bi mutur iletsu baizik.

Jirafak belarjaleak dira baina, esan beharra dago, animalien sarraskiak eta hezurrak miazkatzen ere ikusiak izan direla.

Acacia, Commiphora eta Terminalia generoko zuhaitzen adaxkak eta hostoak jaten ditu, proteina eta kaltzioz beteriko zuhaitzak direlako, ezinbesteko bi osagai beraien hazkuntzarako.