Beste atal batean aipatu dugunez, zuen testuen “oihal zatiak” josteko hitz edo esapide berezi batzuk erabiliko dituzue “hari” zatiak balira bezala. 4. moduluan ariketa batzuk egin genituen hari zati horiek, testu-antolatzaileak, zer diren eta zertarako balio duten ikusteko.
Zer deritzozue beste ariketatxo bat egiten badugu memoria freskatzeko? Ekiteko prest? Oso ondo! Orduan, hasteko, gogora ekarriko dizuegu sabanari buruzko testua antolatzaileak bilatu ditzazuen bertan. Lana errazteko pista batzuk jarri dizkizuegu; zenbait hitz edo hitz multzo azpimarratu ditugu. Zein dira testu-antolatzaileak? Aukeratu itzazue eta bildu idatziz behean duzuen taulan.
SABANA
Sabana belartza tropikal hedatsua da. Leku oso lehorretan aurkitzen dugu paisaia hau, eta, horregatik, zuhaitz bakan batzuez eta lehortea erraz jasaten duten landareez eratua dago.
Faunari dagokionez ere toki berezia da sabana, bertan hainbat animalia belarjale aurkituko baititugu: jirafak, elefanteak, zebrak, bufaloak, ñuak eta gazelak, beste batzuen artean.
Animalia basatiez gain, gizakiak ere badira sabanan; tribuetan biltzen dira eta nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen dira.
Eta, bukatzeko, kontu berezi bat aipatuko dugu. Paisaia hau izendatzeko erabiltzen dugun hitza, sabana, amerindiarren hizkuntzatik dator eta “larrea”esan nahi du.
Deskribapenerako testu-antolatzaile batzuk:
Orain, prozesuaren azalpenerako antolatzaileak bilduko dituzue, neska-mutilok. Gogoratzen duzue landare baten hazkuntza-prozesua kontatzeko erabili genuen prozedura? Zer gertatuko litzateke denbora- eta ordena-antolatzaileak desagertuko balira sortu zenuten testutik?
Guk geurearekin probatuko dugu!
Indabaren hazia kotoien artean jarri genuen. Egunero busti genuen. 5-6 egun pasa ziren eta adar zuri bat ikusi genuen. 10-12 egun pasa ziren eta zutoin berdea agertu zen. 4 egun pasa ziren eta hosto bat ikusi genuen.
Ez da oso testu polita, ezta? Askoz ere ederragoak izango dira zuek idatzitakoak! Baina, zer antolatzaile erabili zenuten testu hartan? Bildu itzazue beheko taulan, eta hartu itzazue kontuan zeta-harren prozesuaren berri emateko unean.
Prozesu baten berri emateko antolatzaileak:
Azken ariketa hauetatik atera dituzuen erremintak, josteko hariak, erabiliko dituzue orain azalpen txukuna, ulergarria eta aldi berean hizkuntza aldetik aberatsa sortzeko. Horrela eginez gero, aho bete hortz utziko dituzue 1. mailako lagunak.
Behin testua idatzita, alboko taldekoei erakutsiko diezue iritzia eman dezaten, eta haiek beste horrenbeste egingo dute sortzen duten testuarekin. Zuzenketetan lagungarri suertatuko zaizuen txantiloi bat aurkituko duzue hurrengo orrian; aldez aurretik aztertuz gero, idazlanerako zenbait argibide aurkituko dituzue bertan.
Jo hurrengo orrira ebaluazio-txantiloia ikusteko, eta ekin idazlanari bertan esaten direnak kontuan hartuta.