2.3.2. ariketa. Zeta-harrak elikatzen. Esperimentua

Zelan behaketa-lana, lagunok? Egun batzuk igaro dira eta zuen harrak kontu handiz zaintzen ari zaretelakoan gaude. Hala ere, zaintza- eta behaketa-lana hobetzen lagunduko dizuen ariketa bat egingo dugu orain. Ariketak zerikusia du zeta-harren elikadurarekin; beraz, hasi baino lehen, zuen zeta-harrek zer jaten duten ekarriko dugu gogora.

Irakurri arretaz testua.

Zer jaten dute zeta-harrek?

Zeta-harrek masusta-arbolaren edo marugatzearen hostoak baino ez dituzte jaten. Marugatze zuriaren hostoak izaten dira haientzat gustukoenak; halakoak janez gero, osasuntsu haziko dira eta ekoizten duten zeta-haria kalitate handikoa izango da. Arrautzetatik ateratzen direnetik kapulua egiteko unea heldu arte, zeta-harrak jan eta jan arituko dira, gau eta egun, gelditu gabe. Zeta-harren jakiaren izen zientifikoa Morus alba da. Asiakoa da jatorriz, baina gaur egun Europan ere topa ditzakegu mota horretako zuhaitzak. Marugatzea 12-15 m luze izaten da eta hosto berde eta distiratsuak ditu. Fruitua, masusta edo maruga, berde-zurixka da.

Zertan ari dira zeta-harrak? Jan eta jan ari dira, ezta? Eta, zer jaten dute? Marugatze-hostoak jaten dituzte? Zaila egiten zaizue hainbeste hosto eskuratzea? Baduzue irakasleen eta gurasoen laguntzarik?

GOGOAN IZAN!

Ondo zaindu behar ditugu zuhaitzak:

  • Hostoak hartzean kontu handiz ibiliko gara eta ez ditugu adarrak apurtuko.
  • Heldu bati eskatuko diogu bilketa egiten laguntzeko.

Zientzia-ikertzaile trebeak zaretela ikusita, esperimentu bat egiteko aukera emango dizuegu orain.

Demagun marugatze-hosto gutxi ditugula eta, aldi berean, beste zuhaitz bateko hosto pila dugula eskuraerrazago; zeta-harrek jan egin behar dute eta, arazoa konpontzeko, mota bietakoak jarriko dizkiegu animaliatxoei kutxan.

Zer gertatuko da? Hipotesiak egin eta taldekideekin komentatu:

  • Nabarituko dute zeta-harrek hosto desberdinak direla?
  • Zer jango dute, marugatze-hostoak bakarrik ala biak?
  • Jan eta jan arituko dira, dena bukatu arte, ala etenak egingo dituzte?

Egin esperimentua, behatu zer gertatzen den eta, gero, bildu emaitzak idatziz. Beherago datuak jasotzeko taula prestatu dugu, txukunago egin dezazuen.

Esperimentuaren hipotesia entzuleei galderak egiteko eta haien iritzia jasotzeko erabili dezakezue ahozko azalpenaren egunean. Aho bete hortz utziko dituzue 1. mailako lagunak!

Zeta-harrei buruzko hipotesiak. Geroko gorde.doc

Fitxa bete ostean, talde handian bilduko zarete eta talde txiki bakoitzeko kideok zer ondorio atera duzuen azalduko duzue gelakideen aurrean.

Lana bukatutakoan, talde txikira itzuli eta hurrengo ariketara joko duzue.