IRAKASLEAK AZALDU BEHARREKOA
Dagoeneko informazio pila lortu duzue eta, gainera, zeta-harrak klasean bertan dituzue, ezta? Jakin dakigu egunero begiratu eta elikatzen dituzuela. Baina, hartu ezazue gogoan: zientzia-ikertzaileek ikusten duten guztia idatziz biltzen dute, ahalik eta zehatzen, ondoren, datuak kontrastatu eta ondorioak atera ahal izateko. Eta, horixe bera egingo duzue zuek, lagunok: zeta-harrak behatu eta gertatzen diren aldaketa guztiak idatziz bildu. Hurrengo orrian bi dokumentu aurkituko dituzue txukunago bete dezazuen egokitutako lana:
- Lehenengo, behaketa-taula bat aurkituko duzue; taula horretan, zeta-harrek izan dituzten itxura-aldaketen datu zehatzak jasoko dituzue egunez egun.
- Gero, behaketaren egunerokoa osatzeko dokumentua eskuratuko duzue; zeta-harrek ez dute idazteko ahalmenik; beraz, zuek kontatu beharko dituzue animaliatxoei gertatutakoak.
Ez pentsatu, baina, dokumentuok edonola beteko dituzuenik! Erreparatu arretaz beheko koadroko oharrei:
- Taldean egingo duzue behaketa-lana eta egunero kide ezberdin bat arduratuko da datuak idatziz jasotzeaz.
- Honetan datza “idazkari-lana”: data idatziko duzue taulan, eta zehaztasunez adieraziko dituzue ikusten dituzuen aldaketak (kolorea, tamaina, mugitzeko ahalmena...) Izan ere, datu bilketa hau funtsezkoa izango da lagunei zuen ikerketaren berri emateko.
- Datuak jaso ostean, arduradunak ZETA-HARREN EGUNEROKOAn idatziko ditu egunari dagozkionak: eguneko data eta egun horretan gertatu den garrantzitsuena. Horri esker, zuen behaketaren azalpena “hitzen hariaz” josita agertuko da.
- Datuak biltzen dituzuen bitartean zeta-harren bizi-zikloa aztertzen arituko zarete eta bertatik-bertara ikusten duzuena, zuen esperientzia bera kontatu ahal izango duzue; esperientzia horrek izugarri aberastuko du proiektuaren bukaerako azalpena.
Lan zaila ematen badu ere, ez kezkatu, ikertzaileok! 3. moduluan egunerokoaren nondik-norakoak izango ditugu hizpide eta argiago ikusiko duzue kontua. Eta, orain, ireki begiak eta datuak biltzera! Egin klik hemen aurrera jarraitzeko.