Lehen esan dugu zeta-harren egunerokoa osatu behar dugula, baina, zer da egunerokoa? Badakizue zuek zer den egunerokoa? Irakurri dezagun arretaz beheko koadroa.
Gogoratu
Egunerokoan, egunean zehar gertatutakoak, ikusitakoak, pentsatutakoak … idazten ditugu.
Eguneko kontuak idatzi aurretik, data jartzen dugu.
Tira, lagunok! Aspaldi ikasitako kontuak dira horiek eta!
Azalpenaren prestaketa-lana aurrera doan neurrian, gero eta argiago izango duzue zeri buruz hitz egin behar duzuen, ezta? Hala ere, ez duzue sobera izango beste ereduren bat aztertzea.
Badaezpada ere, guk beste bi testu ekarri dizkizuegu:
- Lehenengoan, egun batzuetan gertatu zaiona kontatzen du norbaitek.
- Bigarrenean, beste lagun batek ekiten dio lan berari, baina testua ez dago behar den moduan, desordenan baizik.
Zuek bi testuak egunerokoaren ezaugarriak eta funtzioak antzemateko erabiliko dituzue prozedura honen bidez:
Hortaz, argi badago dena, aurrera lanarekin!
Hona hemen lehenengo testua. Irakurri, aztertu egitura, eta erantzun ondoan aurkituko dituzuen galderak.
Jonen eguneroko zati bat
Ekainak 20, osteguna
A zer lasaitasuna! Azterketak amaitu dira eta oso nota onak atera ditut aurten. Andereño Maitek bihar zer txango egingo dugun azaldu digu: museo batera joango gara autobusean, eta zenbait artelan ikusiko ditugu bertan, baina isil-isilik egon behar dugu eta ondo portatu ere bai …; egun aspergarria izango delako susmoa daukat.
Ekainak 21, ostirala
Oker nengoen, eguna ez da batere aspergarria izan eta. Museoko monitoreak oso jatorrak dira, eta jolas batzuk prestatu dituzte guretzat. Historiaurreko gizaki jantzita ere ibili gara! Barregarri egon gara denok eta nik argazki batzuk atera ditut. Gero, gauean, gurasoei erakutsi dizkiet irudiak, eta barre asko egin dute gu itxura hartan ikusita.
Ekainak 22, larunbata
Gaur, eguerdiko hamabietan esnatu naiz. Leher eginda nengoen atzoko egun zoroaren ostean. Oraindik begiak itxita nengoela, ama teniente-koronelarena egiten hasi da: "Jon, txukundu logela! Jon, lagundu iezadazu erosketak gordetzen! Jon, txakurra atera behar duzu!" Ene! Oporrak hasi dira, baina, atsedena hartzeko izango ote dira?
Galderak erantzun
1- Zenbat zati ditu testuak?
2- Zenbat narratzaile dira testuan?
3- Zer ageri da zati bakoitzaren hasieran?
Galdera guztiak erantzun eta gero, irakasleak lagunduko dizue zuzenketak egiten.
Dena bukatzen duzuenean, jo hurrengo orrira bigarren testua ikusteko.