2. ZIENTZILARIOK, GOAZEN INFORMAZIO BILA!

IRAKASLEAK AZALDU BEHARREKOA

Kontu pila ikasi duzue orain arte, ezta? Ikasi duzue zenbait pistari jarraitu behar diezuela misterio bat argitzeko, irizpide batzuk kontuan hartu behar dituzuela animaliak sailkatzeko eta animalia batzuek itxura erabat aldatzen dutela ere bai.

Hala ere, gogoratu zientzia-ikertzaileak zaretela; beraz, zuen lana, zeta-harren gaineko ikerketa-lana, ez da oraindik amaitu. Hori dela eta, proiektuaren atal honetarako bi helburu ditugu: alde batetik, zeta-harren inguruko informazioa eskuratzea, eta, bestetik, klasean ditugun animaliatxoak ondo zaintzen ikastea. Honako prozedura honi jarraituko diogu helburuok lortzeko:

PROZEDURA

- Hasteko, ariketa batzuk egingo ditugu zeta-harren gaineko informazioa eskuratzeko:

    • Lehenengo ariketan, testu bat irakurriko duzue, eta, ondo ulertu ondoren, galdera batzuk erantzungo dituzue. Horren ostean, azalpenaren oinarrizko informazioa finkatuko dugu.
    • Bigarrenean, ingelesez idatzitako testu labur bat irakurriko dugu eta zeta-harren bizi-prozesua nolakoa den aztertuko dugu.
    • Hirugarren ariketan, zeta-harrak zertarako erabiltzen diren ikusiko dugu testu baten eta bi bideoren laguntzaz.

- Azalpenean erabiliko dugun informazioa bildu ostean, zeta-harrak zaintzeko zenbait gomendio jasoko ditugu eta, horiei erreparatuta, taldekide guztiok jarraitu beharreko prozedura ezarriko dugu.

- Amaitzeko, behaketa- eta zaintza-lanak noiz eta nola egingo ditugun erabakiko dugu: txandak antolatuko ditugu, datuak biltzeko taula aztertuko dugu eta datuon berri emateko prozedura zehaztuko dugu. Horrez gain, esperimentu txiki bat egingo dugu zeta-harrak nola elikatu behar ditugun ikusteko.

Ikusi berri duzuenez, luze joko du hasteko dugun atalak: informazioa jaso, prozedurak ezarri, behaketaren datuak idatziā€¦ eta hori guztia azken azalpenenean baliatzeko. Hori bai lan luzea! Amaitu orduko, hasierakoa ahaztuta, ezta?

Ez horixe, neska-mutilok! Irakasleok horretan pentsatu dugu eta 2.3. jardueraren bukaeran atal honetako garrantzitsuena gogoratzeko fitxa bat utzi dizuegu; fitxa ondo betez gero, hurrengo atalera jotzeko moduan izango zarete.

Dena ulertu duzue? Bai? Orduan, AURRERA LAGUNOK!