5.1.1. ariketa. Testu idatziak txukun aurkezten ikasiko dugu

Pentsatu duzue zer-nolako itxura izango duen zuen lanak? Non idatziko duzue, paperean, kartulinan, arbelean, ordenagailuan...? Prest dituzue erabiliko dituzuen argazkiak eta marrazkiak?

Edozein idazlan egin baino lehen, komeni izaten da eredu batzuk ikustea, ideia berriak eskuratu ahal izateko. Guk web-orri bat dakarkizuegu zuek aztertu eta baloratu dezazuen. Bertan, zeta-harrei buruzko kontu pila ikusiko duzue; haurrentzat egina denez, egileek hizkuntza moldatu dute hartzaileen ezaugarrietara egokitzeko. Horrez gain, irudi eta animazio asko erabili dituzte testuak ulergarriago gerta daitezen.

Lan eder hori ikusi ahal izateko, egin klik beheko helbidean:

www.gusanosdeseda.com

Zer, lagunok? Zer deritzozue ikusitako lanari? Erreparatu diezue xehetasun guztiei? Bai? Ikusi dezagun, bada!

Ekarri gogora ikusitakoa eta erantzun.

  • Nor da narratzailea?
  • Nola hitz egiten du?
  • Gustatzen zaizue orrialdearen itxura? (Koloreak, letraren tamaina, … )
  • Badauka irudirik edo animaziorik?

Goian aipatutako xehetasunak kontuan hartu badituzue, ez da zaila izango lanari zer itxura eman nahi diozuen erabakitzea. Aurrera egin baino lehen, zer-nolako diseinua egingo duzuen adostuko duzue taldekideon artean. Har ezazue kontuan lanaren itxurak ere garrantzia handia duela jendaurrean aurkezteko unean; lan garbia eta txukuna askoz ere erakargarriagoa da edozein irakurlerentzat, ezta? Orduan, jarri taldean eta erabaki denon artean:

  • Zer itxura emango diozuen orriari: kolorea, letra-tamaina, letra-tipoa, … .
  • Zer irudi erabiliko duzuen atal bakoitzean.
  • Zer lekutan kokatuko dituzuen testuak eta irudiak: bata bestearen alboan, testua goian eta irudiak behean, zutabeetan…

Hartu dituzue erabaki guztiak? Bai, ezta? Hortaz, azalpen-testurako ezinbestekoa den osagai baten bila joko dugu, lagunok. Jaso dugun informazioa berreskuratzeko eta hura testu bihurtzeko unea heldu zaigu.

GOAZEN IDEIA BILA!