5.TESTUAK PRESTATZEN

IRAKASLEAK AZALDU BEHARREKOA

Aurreko jardueretan egindako lanaren emaitza erakusteko unea heldu da, neska-mutilok. Proiektuan zehar informazioa jasotzen ibili zarete, gero, ariketa batzuetan aplikatu duzue ikasitakoa, eta, zenbaitetan, “azkenerako gordetzeko” agindua jaso eta dokumentu batzuk eraman dituzue karpetara, hala nola, animalien sailkapena, irudien hiztegia, behaketa egiteko taulak eta azalpenerako eskema. Horrez gain, hizkuntza aberasteko zenbait prozedura landu dituzue, eta idazle handien mailara iristeko trikimailu batzuk ere bai.

Azken modulu honetan, bi lan egingo dituzue; alde batetik, txosten idatzirako testuak sortuko ditugu eta, beste aldetik, ahozko azalpenerako testua. Testuok sortzeko unean, goian aipatutako baliabideak erabiliko ditugu lagunei zenbat ikasi dugun erakusteko.

Egin beharreko lana bi jardueratan banatuta aurkituko duzue:

Lehenengo jardueran, testu idatziak prestatzeari ekingo diozue, eta, horretarako, honako ariketak egingo dituzue:

o Web orri bat aztertu, lana nola aurkeztu daitekeen ikusteko.

o Aurretik sortutako eskema bete eta galdera batzuk erantzun, azalpenerako ideiak biltzeko.

o Testu batzuen laguntzaz, hizkuntza aberasteko prozedurak berrikusi, zuen testuan erabili ahal izateko.

o Behin testuak idatzita, beste talde bati eman, haiek ebaluazioa egiteko.

Bigarren jardueran, ahozko testuaren txanda izango da:

o Hasteko, ahozko azalpena entzuleen ezaugarrietara egokitzea zer garrantzitsua den ikusiko dugu.

o Gero, testu idatzia ahozko testu bihurtuko dugu: sarrera eta amaiera erantsiko dizkiogu, eta testuko ideiak-eta lotzeko esapide batzuk ere bai. Horrela zer noiz esan behar dugun jakingo dugu.

o Azalpena entseatu eta grabatu egingo dugu, behar izanez gero, zuzenketak egin ahal izateko.

o Grabatutakoa alboko taldekoei emango diegu haiek ebaluazioa egin dezaten.

Lanari ekiteko prest, lagunok? Hortaz, egin klik, eta aurrera.