1.3.1. ariketa. Zer dago hostoetan?

Hemen ditugu berriro Amaiak klasera ekarritako hostoak. Arretaz begiratzen badiegu, makilatxo beltz txiki horiek mugitu egiten direla ikusiko dugu. Beraz, ez dira izango txorien kakak, ezta?

Mugitzen badira, zer izango dira, zuen ustez?

Bai horixe, lagunok! Izaki bizidunak dira! Animaliak dira!

Lehen esan dugunez, ikertzaile-lanetan arituko gara eta, zer animalia mota diren jakin dezazuen, txori-kaka itxurako horiei buruzko hainbat kontu gogoratuko ditugu hasteko.

Zera esaten genuen animaliak sailkatzen ikasi genuen garaian: batzuek hezurrak dituztela eta beste batzuk, aldiz, hezur gabekoak direla; batzuk arrautzetatik jaiotzen direla eta beste batzuk amaren sabeletik... eta horrelako beste zenbait kontu.

Behean kontzeptu-mapa bat duzue. Animalien sailkapena ageri da bertan, baina atal batzuk hutsik daude. Ausartuko zarete falta dena zuek betetzen? Bai? Orduan, erreparatu ondo kontzeptu-mapari, eta hasi lanean.

Kontzeptu-mapa ezagutzak grafikoki irudikatzeko tresna da. Ikasi ditugun kontzeptu nagusiekin sare bat osatzen dugu: nodoak edo burbuilak kontzeptuak dira, eta marren bidez adierazten ditugu haien arteko erlazioak.

Dagoeneko gogora ekarri dugu animaliak nola sailkatzen diren, baina, zer tokitan kokatuko ditugu hostoetan aurkitutako animaliatxoak?

Jakin badakizue ezaugarri batzuei erreparatu behar diegula edozein animalia sailkatzeko. Adibidez, galdera hauek egingo dizkiogu geure buruari txakurra zer animalia mota den zehazteko:

Hezurrak ditu? Bai; beraz, ornoduna da.

Nola jaiotzen da, amaren sabeletik edo arrautzetatik? Amaren sabeletik jaiotzen da.

Zerez estalita dauka gorputza? Ilez, lumaz, ezkataz edo azal hutsez? Ilez estalita dauka.

Beraz, txakurra animalia UGAZTUNA da.

Adibidea ondo ulertu baduzue, lan erraza izango da amamaren ezkontza-soinekoaren oinarri diren animaliatxoak sailkatzea. Behean dituzuen pistei jarraituta, taldekideen artean pentsatu zer animalia izan daitekeen:

  • Oso bigunak dira eta ez dute hezurrik.
  • Orain itxura hori badute ere, aldaketa asko izango dituzte bizitzan zehar; hegoak ere aterako zaizkie.
  • Obiparoak dira.

Aurkitu duzue erantzuna? Bai? Orduan, egin aurrera .