2.1.3. ariketa. Zertarako erabiltzen dira zeta-harrak?

Elkarrekin egiten ari garen bide honetan asko ikasi dugu gure "makilatxo" beltzei buruz, ezta? Gogoratzen duzue "zeta+har" hark zer esan nahi zuen asmatu zenutenean?

Bigarren hitza "harra" da; beraz, har mota batez ari garela esaten digu.

Lehenengo hitza "zeta" da; orduan, zeta ematen duen harra izango dugu hizpide.

Baina, nola da posible har batetik haria ateratzea? Zer hari mota da hori? Botoiak josteko erabiltzen dugun haria izango da?

Tira, lagunok! Dagoeneko irakurrita dugu horren gaineko kontu bat edo beste, ezta? Hobeto gogoratu dezazuen, hona hemen lehen irakurri duzuen informazio-testuan jasotzen dena:

Zeta-harren erabilerak

Jakingo duzuenez, zeta-harra Txinakoa da jatorriz, eta lurralde horretako biztanleek asmatu zuten, duela 3000 urte inguru, zeta-haria ateratzeko eta oihala lantzeko prozesua. Zeta-oihala oso preziatua bihurtu zen, txinatarrek etekin ekonomiko handia ateratzen baitzioten haren salmentari. Merkatariek “Zetaren Bidea” deitzen zioten oihala beste lurralde batzuetara eramateko egiten zuten ibilbideari.

Txinatarrek ekoizpen-metodoa denbora luzean sekretupean mantendu bazuten ere, europarrek zeta-harrak eta marugatze zuriaren haziak lortu zituzten eta zeta egiten ikasi zuten. Ekoizpen-prozesuaren sekretua zabaldu ahala, zeta-harrak haien inguru naturaletik atera eta haztegi artifizialetara eraman zituzten, zeta-produkzioa handitzeko asmoz.

Ekoizpen-prozesuan, garrantzi handikoa da zeta-hari osoa apurtu gabe ateratzea. Horretarako, tximeleta oraindik barruan dagoela, kapuluak egosi egiten dira bigundu daitezen. Gero, tira egiten dute haritik, eta matazatan biltzen dute.

Kapuluak egosi ostean geratzen diren krisalidak jaki modura erabiltzen dira Asiako zenbait herritan, proteina iturri baitira.

Ikusi ditugun bi erabilera horiez gain, beste batzuk ere badira; zeta-harrak flemak biguntzeko eta espasmoak arintzeko erabiltzen diraTxinako medikuntza tradizionalean eta, azken urteotan, kosmetika-laborategietan ikerketak egin dituzte zeta-harren erabileraren gainean.

Harrigarria da natura, ezta? Etekin ederra animalia batzuei ateratzen dietena! Pentsatu al duzue inoiz har batzuekin oihalak, elikagaiak, botikak, kremak eta abar egitea posible izango zenik? Ez, ezta?

Orain, zeta-harren erabilerarekin lotutako bi bideo ikusiko dituzue; oskolak edo kapuluak nola egosten diren erakutsiko digute bertan. Ohartuko zaretenez, bideoetan agertzen diren langileak lan bera egiten ari dira, baina modu oso desberdinetan batean eta bestean.

Egon adi bideoak ikusten dituzuen bitartean, gero galderak erantzun beharko dituzue eta, telebistako lehiaketetan bezalaxe. Ondo zabaldu begiak, ba, lehiakideok! Bestalde, jasoko duzuen informazioa oso baliagarria izango da zuen azalpen-testua prestatzeko unean.

Irudi interesgarriak, ezta? Ea adi egon zareten!

Orrialdearen beheko aldean galdera sorta bat aurkituko duzue. Irakur itzazue ondo galderok eta, erantzun aurretik, gogoratu bideoetako irudiak. Bideoak nahi beste aldiz ikusi ditzakezue erantzuna eman baino lehen.

BIDEOEI BURUZKO GALDERAK.doc

Beno, lagunok, heldu da jaso duzuen informazioa baliatzeko unea. Behean, esaldi batzuk aurkituko dituzue; ondo irakurri ondoren, adierazi egia edo gezurra diren dagokien laukitxoa X batez markatuz. Hartu kontuan esaldi horiek zuen azalpen-testuan baliatu ahal izango dituzuela; beraz, geroko gordeko dituzue. Aurrera, bada!

ZETA-HARREN ERABILERAK. Geroko gorde.doc

Lana bukatu duzue? Orduan, talde handian bilduko zarete eta zuzenketa-lana egingo duzue irakaslearen laguntzaz. Zuzenketak bukatuta, hurrengo atalera joko duzue, baina, erne lagunok! Ezusteko ederra izango duzue bertan eta!