1.3. jarduera. Lana zehazten. Gu ere ikertzaile

IRAKASLEAK AZALDU BEHARREKOA

Aurreko ariketan, ikertzailearen lanaren nondik-norakoak zehaztu dituzue eta ikertzaile txikiak izateko prest agertu zarete.

Lehenengo pausoa ikergaia aukeratzea da, eta horretan irakasleok lagunduko dizuegu. Gogoratzen duzue Amaiak argitu behar zuen “misterioa”? Zer deritzozue Amaiari laguntza ematen badiogu? Prest zaudete? Orduan, entzun arretaz proposatzen dizuegun lanaren xehetasunak:

    • Lehenengo eta behin, Amaiaren hostoen misterioa argitzen saiatuko gara denon artean, eta txori-kaka itxurako horiek zer diren asmatuz gero, ikergaia zein den jakingo duzue.
    • Gero, ikerlari handien antzera, zenbait bide jorratuko dituzue informazio gehiago jasotzeko, eta esperimenturen bat edo beste ere egingo duzue.
    • Amaitzeko, aurkikuntza handiekin egiten den bezala, lagunen aurrean aurkeztuko ditugu lanaren emaitzak.

Irakasleok bide bat prestatu dizuegu ikertzaile-lanaren pausoak banan-banan eta era ordenatuan eman ditzazuen. Bide horretan etapa batzuk egongo dira, eta zenbait proba egingo dituzue etapa horietan. Etapa bat bukatutakoan, kontu berriak “aurkitu” dituzuela konturatuko zarete, baina gorde egingo dituzue lanaren emaitzak aurkezteko unea heltzen denerako.

Irakasleok "proiektu" izena jarri diogu prestatu dugun bideari, "jarduera" bidean egingo dituzuen etapei eta "ariketa" bete beharreko probei.

Proiektuaren zatirik handiena elkarlanean egingo duzue, batzuetan 4-5 laguneko taldetan, beste batzuetan talde handian (gelakide guztiak) eta, aldian behin, bikotean edo bakarka. Hori dela eta, ezinbestekoak izango dira elkarren arteko errespetua eta lankidetza. Irakaslearen laguntza ere jasoko duzue zuzenketak egiteko edo ariketa batzuk nola egiten diren jakiteko.

IKASLEEN LANA

Zer, ikerlariok! Ausartuko zarete proiektuan murgiltzen? Ez duzue oraindik erabaki, ala? Agian, informazio zehatzagoa behar duzue aurrera egin baino lehen. Orduan, erreparatu arretaz beheko taulari:

LAN-PROPOSAMENA

Orain bai, ezta? Ulertu duzue proiektuaren atal nagusiak zein diren? Hala ere, eta aurrera egitea erabakitzen baduzue, lan txikitxo bat egingo duzue atal hau bukatzeko; taldean nortzuk arituko zareten erabakiko duzue irakaslearen laguntzaz. Gero, behean duzuen fitxan, taldekideen izenak idatziko dituzue eta proiektuari buruz ulertu duzuena adieraziko duzue. Lan hori bakarka egingo duzue eta, bukatutakoan, taldekide berriekin elkartuko zarete egindakoa komentatzeko.

TALDE HONETAKO KIDEAK IZANGO GARA.doc

Zer? Bukatu duzue lana? Ez, ezta? Ezinezkoa, lagunok! Datu garrantzitsu bat falta da-eta! Zein da gaia? Zer ikertuko dugu? Badakigu zer diren kaka-itxurako horiek? Eta, argitu dugu soinekoaren misterioa? Ez, ezta? Orduan, hartu lupa eta … aurrera ikertzaileok!