1.4.1. ariketa. Hiztegia erabiliko dugu

Gure animaliatxoak harrak direla asmatu baduzue, ZORIONAK!

Baina, zer motatako harrak dira? Har mota pila daukagu naturan, eta mota bakoitzak bere izena du. Jakin nahi duzue zer izen duten Amaiaren hostoetan ditugunak? Amaiakekarritako hostoetan dauden harrak zeta-harrak dira.

ZETA-HARRA

Erreparatu ondo izenari. “Zeta" eta "harra” ? “Zer" eta "harra”?

Nola dago idatzita? Bi hitz dira, baina bien artean marratxo bat dago, ezta? Jakin nahi duzue zer motatako hitza den? Orduan, irakurri ezazue beheko testua.

Bazenekien?

Berez askeak diren bi hitz edo gehiago batuz hitz berriak sortzeko prozesuari hitz-elkarketa deitzen diogu. Adibidez, sokatira (soka+tira) eta lurmuturra (lur+mutur), hitz-elkarketaren bidez sortutako izenak dira.

Elkartzen ditugun hitzak loturik edo erdian marratxoa dutela idatzi ditzakegu; bigarren hitzak zer gauza den esaten digu, eta lehenengoak nolakoa den. Adibidez:

- Ardi-esnea ardietatik ateratzen den esnea da.

- Argazki-makina argazkiak ateratzeko balio duen makina da.

- Zeta-harra zeta ekoizten duen harra dugu.

Harra zer den badakizue, baina... zer da “zeta”? Hiztegian bilatuko duzue eta, horren ostean, Amaiaren amamaren hitzak ulertu ahal izango dituzue:

“Hosto hauetan ikusten duzuna, maitea,

nire ezkontza-soinekoaren oinarria da”

ZETA:

1. Armiarmek eta zenbait intsektu lepidopteroren larbek iraitzitako zuntza.

2. Egokiro tratatutako zuntzez osatutako material horren haria.

3. Hari horrekin eginiko oihala.

4. ZOOL. Zurdaren tankerako egitura mehea, intsektu, anelido, hegazti eta beste animalia askorena.

(HARLUXET. Moldatua)

Orain bai, lagunok, orain badakigu zeta zer den!

Zetazkoa zen amamaren soineko distiratsu hura, zeta-harren hariekin osatzen den oihalaz egindako soinekoa.

Soinekoaren misterioa argitu dugu azkenean, baina lanean jarraitu behar dugu, lagunok, ikertzaile trebeek egingo luketen bezala.