3. JASOTAKO INFORMAZIOA ANTOLATUKO DUGU

IRAKASLEAK AZALDU BEHARREKOA

Aurreko atalean, zeta-harren gaineko informazio pila jaso duzue; horrez gain, egunero egiten duzue animaliatxoen behaketa eta idatziz jasotzen dituzue gertaera guztiak. Informazioa aztertu, hipotesiak egin, emaitzak egiaztatu... ikertzaile handien antzera!

Hala ere, zenbait pauso bete behar duzue oraindik azken azalpenera heldu aurretik. Baina, ez pentsa edonola egingo duzuenik! Irakasleok lagunduko dizuegu biderik egokiena aukeratzen.

Prestatu dugun modulu honetako eginkizuna da lagunen aurrean egingo duzuen azalpen-testuaren eskema finkatzea, baina, bi eskema egin beharrean gaude azalpenak bi atal izango ditu eta: lehenengo atalean, zeta-harren deskribapena egingo dugu (ezaugarriak, bizilekua ...) eta, bigarrenean, gelan egiten ari garen behaketatik ateratako ondorioen berri emango dugu. Lana errazago bete dezazuen, bi jardueratan banatu dugu atala:

Lehenengo jardueran, animalia bati buruzko deskripzio-testu bat irakurriko duzue. Testu hori eredu gisa hartuko duzue, egiturari eta azaltzen dituen ideiei erreparatzeko. Horren ostean, zuen azalpen-testurako eskema prestatuko duzue kontzeptu-mapa baten laguntzaz.

Bigarren jardueran, egiten ari zareten behaketaren berri emateko testu-mota egokiena aztertuko duzue. Eguneroko baten zati bati erreparatuko diogu eta haren ezaugarri nagusiak aztertuko ditugu. Amaitzeko, behaketa-prozesuan idazten ari zaretena aztertuko duzue irakaslearen laguntzaz, eta azken azalpeneko informazioa aukeratuko duzue.