IRAKASLEAREN LAGUNTZAZ EGITEKOA
Atal honetan, aditzari erreparatuko diozue eta deskribapenean erabili behar diren pertsona eta aldia ikusiko dituzue.
Irakurri arretaz beheko koadroa ariketak egiten hasi baino lehen.
Aditza ekintza edo egoera bat adierazten duen hitza edo hitz multzoa da.
Adibidez:
■ Jone etxera heldu da. (Zer egin du? Heldu egin da.)
■ Imanolek egunero irakurtzen du. (Zer egiten du? Irakurri egiten du.)
Aditzak hitz bakar batekoak izan daitezke (trinkoak) edo hitz batzuetakoak (perifrastikoak):
■ Aditz trinkoak:
○ noa (1. pertsona - ni /joan/orain)
○ dator (3. pertsona - hura/etorri/orain)
■ Aditz perifrastikoak:
○ galdu zuten (3. pertsona - haiek/galdu/lehenaldi burutua)
○ idazten duzue (2. pertsona - zuek/idatzi/ohiturazkoa)
○ etorri naiz (1. pertsona- ni /etorri/orainaldi burutua)
○ erosiko dugu (1. pertsona - guk/erosi/geroaldia)
○ entzuten ari zarete (2. pertsona - zuek/entzun/puntukaria)
Aditzaren inguruko xehetasunak ulertu badituzue, ariketak egiten hasteko moduan izango zarete. Irakurri arretaz beheko proposamena.
PROZEDURA
Zuen azalpenean animalia batzuei buruz hitz egingo duzue, zeta-harrei buruz hain zuzen ere; beraz, animalia horien deskribapena egingo duzue.
Animaliak nola deskribatzen diren ikusteko, 3. moduluan landu genuen testuaren bi pasarte aurkituko dituzue hurrengo orrian. Hona hemen egin beharrekoa:
§ Lehenengo, testua irakurriko duzue eta bertan ageri diren aditzei erreparatuko diezue.
§ Gero, aditzen zerrenda egingo duzue eta adierazten duten aldiaren eta pertsonaren arabera sailkatuko dituzue.
§ Azkenean, falta diren aditzak jarriko dituzue landare baten deskribapena egiten den testu batean.
Aurreko pausoak bete ondoren, azalpenaren beste atalari helduko diozue, zeta-harren egunerokoari, eta gelan dituzuen animaliatxoei gertatutakoaren berri emateko aditz-forma egokiak landuko dituzue.
Argibide guztiak ulertu badituzue, aurrera lagunok!