2-Lehen planoa

Giza irudiaren burua eta sorbalden zati bat erakusten ditu, eta aktoreak antzezpenaren oso une garrantzitsua interpretatzen ari direnean erabiltzen da. Lehen planoa ikuslea hunkitzeko deia da.

Une egokietan erabilita, indar dramatiko handia du. Zinemaren beraren baliabidea da.

Lehen planoak pertsonaiaren emozioak edo aldartea erakusteko balio du, baita gertatzen denaren aurrean dituen erreakzioak erakusteko ere. Lehen planoa erabilita, errazago ulertuko dugu pertsonaiaren psikologia eta hurbilago senti­a­raziko gaitu.

Lehen planoa oso hurbila denean, lehen plano nagusia edo lehen-lehen planoa dela esaten dugu. Plano mota horretan, pertsonaiaren aurpegia baino ez da agertzen, kokotsetik kopetaraino normalean. Aurpegia soilik enkoadratzen da eta pantaila osoa hartzen du, begirada nabarmenduz. Horrela, erretratatzen duen pertsonaren nortasunean murgiltzen gaitu.

Lehen planoa: zinemaren arima

Lehen planoa zinemaren funtsezko baliabidea da. Hala eta guztiz ere, lehen filmetan zinemak antzerkia bezala irudikatzen zuen errealitatea. Kamera jartzen zen antzezlana ikusten ari den ikuslearen begiaren ordez, mugimendurik gabe eta pertsonaiengana hurbildu gabe. Plano guztiak ziren plano orokorrak, xehetasun konkretuak azpimarratzen dituen lehen planorik gabe. Lehen planoen erabileraren garapena ikusleen ikusizko kultura-maila handi­tzearekin batera gertatu zen.

Zinemaren hastapenetan, Lumiére anaien zinematografoak Edisonen kinetoskopioak baino arrakasta handiagoa lortu zuen. Hain zuzen ere, arrakasta hori zinematografoak proiektaturiko irudien tamaina handiagatik izan zen. Kinetoskopioan, aldiz, irudi txiki bat ikusten zen bi zulotatik begiratzerakoan.

Garai hartako ikusleek hain tamaina handiko irudiak margolanetako paisaien eszenatan bakarrik ezagutzen zituzten. Baina oso hurbiletik ikusitako aurpegi izugarri handiek, ordea, ikaratu egiten zituzten. Askori naturaren kontrakoa iruditzen zitzaien pantailan "hitz egiten zuten bustoak" bakarrik agertzea, gorputzetik bereizita baleude bezala. Pertzepzio hori pixkanaka aldatuz joan zen, harik eta ikus-entzunezko narrazioa -gaur egun ezagutzen dugunaren modukoa- finkatu zen arte.

Hasierako zineman, lehen planoak lupa edo teleskopio batekin ikusitako objektuak irudikatzeko erabiltzen ziren, baina apur-apurka 1920ko hamarkadako zinemagileek lehen planoaren adierazpen-balioa ikus-entzunezko gramatikaren baitan antolatzen hasi ziren.

Hainbat errealizadorek -David W. Griffithek eta Sergei Eisensteinek kasu- lehen planoari buruzko gogoeta egin zuten eta adierazpide nagusitzat erabili.

Lehen planoa posibilitate estetikoen iturri agortezina da zinemarako. Irudiaren eta irudikaturiko objektuaren tamaina erlatiboarekin jokatzeko bidea ematen du. "Ikusizko ukimena" errazten du, filmaturiko objektuen benetako bolumena handitu eta bere inguruko giroa desagerrarazten duelako.