4.4 Espazio-denboraren artikulazioa

Formaren ikuspuntutik hartuta, film bat “espazio zati” eta “denbora zati” zehatz batzuen segida baino ez da. Horrelako zati bakoitzak plano bat osatzen du. Zati batetik hurrengora plano-aldaketa gertatzen da, hau da, filmatzeko erabiltzen ari garen ikuspuntuaren aldaketa, kameraren hurrengo etenaldira arte edo muntaketaren hurrengo mozketara arte.

Muntaketan kontakizunaren akzioa berreraiki egiten da planoen segidarekin, ikuspuntu (espazioa) eta tarte (denbora) desberdinak elkar lotzerakoan. Lotura horri espazio-denboraren artikulazioa deritzo, eta ondo egiten bada edozein akzio deskribatzeko balio du.

Espazio-denboraren artikulazioa zuzena denean ikusleak jariotasunez jarraitzen du kontakizuna, planoen arteko mozketak ia nabaritu gabe. Jariotasun hori da jarraitutasun egokiaren ezaugarri nagusia, eta ikusleak arreta ez galtzeko eta istorioa ondo ulertzeko beharrezkoa da.

Atal honetan plano-aldaketetan gertatzen den espazio-denboraren artikulazioa aztertuko dugu. Bi zatitan egingo dugu azterketa: denboraren jarraitutasuna eta espazioaren jarraitutasuna. Horrez gain, raccord kontzeptuarekin ere lotuko ditugu.