3.1 Ideia edo gaia

Gidoi bat egiteko lehen urratsa kontatu nahi dugunari buruzko ideia argi bat izatea da. Nahiz eta film bakoitzak bere istorioa izan, ideia dago guztien jatorrian. Ideiak kontakizunaren mami guztia esaldi baten laburbiltzen du. Hemen adibide bat: “Pertsonaia batek ez du atsedenik hartuko, harik eta bere aita nork hil zuen jakin arte”. Ideia honen gaia, are laburragoa eta orokorragoa, “mendekua” izango zen.

Gidoilari edo zuzendari baten ideiak hainbat inspirazio-iturri izan ditzake: gizarte-mailako edo politikako gertaerak, pertsonaia historiko baten bizitza, prentsako berriren bat edo aurreko literatura-lan bat. Adibidez, Jean-Jacques Annaudek zuzendutako “Le Nom de la Rose” filma, Umberto Ecoren izen bereko eleberrian inspiratu zen, edo Harry Potterren filmak J.K. Rowlingen eleberrietan.

GIDOIA ETA LITERATURA:

Eleberrietan edo ipuinetan gertatzen den moduan, gidoi batean oinarria eta abiapuntua kontatzen duen istorioa da. Alde horretatik, gidoia narrazio mota bat dela esan daiteke, eta literaturarekin zerikusirik badaukala ere bai.

Literaturan bezala, gidoi batean hainbat elementu antolatu behar dira istorio bat kontatzeko. Horregatik, gidoiaren ideia zehazten hasi baino lehen, argi izan behar ditugu edozein kontakizunetan beharrezkoak diren hiru elementu: pertsonaia, gatazka eta akzioa; gure istorioaren emaitza hiru horien arteko erlazioaren araberakoa izango da eta.

Gainera, edozein kontakizunetan ere bi arau bete beharko ditugu:

  • Akzioaren batasuna: kontakizuna akzio nagusi baten ardatzetik garatuko da beti, eta beste gertakizun guztiak bere menpe egongo dira.
  • Hiru ataletako zatiketa: ohiko kontakizun guztietan hiru oinarrizko atal agertzen dira beti: aurkezpena, garapena eta konponbidea. Lehenengoan arazo edo gatazka bat aurkezten da, bigarrenean akzioa garatzen da (arazoei aurre egiteko pertsonaien ekintzak), eta azkenik konponbide batera heltzen da (bukaera). Hiru atal horiek hasiera, korapiloa eta amaiera izenekin ere ezagutzen dira.

Aholku hauek guztiak kontuan izanda, ideia garatu eta argumentua idatziko dugu.