4.4.1 Denboraren jarraitutasuna

Denbora-jarraitutasuna ondoz ondoko bi planoen arteko denbora-erlazioa da. Erlazio hori hurrengo motatakoa izan daiteke:

  • Jarraitutasun osoa (raccord zuzena): Jarraitutasun osoa dagoenean akzioak aurreko planoan geratu den une zehatzetik jarraitzen du. Plano biak guztiz jarraian gertatzen dira. Adibide oso argia atea zeharkatzen duen pertsonaiarena da: A planoak ate batera hurbiltzen den pertsonaia erakusten du; B planoak A planoa amaitu den une zehatzean jarraitzen du akzioa, baina atearen beste aldetik ikusita. Elkar lotuta, akzio osoa erakusten dute bi planoek.

Denbora-jarraitutasunaren beste adibide bat: A eta B aktoreak hizketan ari dira. A ikuspuntutik A aktorea filmatzen dugu, eta B ikuspuntutik B. Lortzen ditugun txandakako planoek denbora-jarraitutasuna dute. Horrela, planoak txandakatu arren, jarraitutasunak etenaldirik gabeko elkarrizketa adierazten digu.

Bi plano aldi berean lotzen badira, denbora-jarraitutasuna dago, baina zenbaitetan pertsonaiaren akzio osoaren zenbait segundo kentzea aukeratzen da. Orduan, elipsi laburra gertatzen da.

  • Elipsi laburrak:Elipsia bi planoren artean denbora-jauzi bat dagoenean gertatzen da. Elipsia laburra bada, argi geratzen da jauzi horren iraupena. Ikusleak berehala ulertzen du zenbat denbora igaro den plano batetik bestera. Akzioak doitzeko erabiltzen den baliabidea da, baita soberan dauden zatiak kentzeko ere.

Bi aldetatik filmaturiko atearen adibidearekin jarraituko dugu: akzioaren zati bat ken dezakegu, adibidez, eskua ateko heldulekuan ipini eta biratzeko prozesua irauten duen denbora. Ikusleak oso erraz neur dezake elipsi labur hori eta arazo gabe ulertuko du akzioa.

  • Elipsi mugagabea: elipsi honek denbora mugagabea ezabatzen du. Narrazioaren aldetik elipsiaren iraupena ez da hain garrantzitsua, eta ordu, urte edo mendeetakoa izan daiteke. Hori dela eta, beste baliabide zinematografikoren bat erabili behar da ikusleak horren iraupena neur dezan. Laguntza hori izenburu bat, egutegi bat edo azalpen-ahots bat izan daiteke. Beste hainbat modutan ere egiten da: eszena bat gauetik egunera aldatuz, paisaia bat negutik udaberrira, pertsonaiak zahartuz, etab.
  • Atzera egite laburra: Gerta daiteke atzera egite laburra fotograma gutxi batzuena bakarrik izatea. Sarritan ia ez da nabarmentzen ere ez, eta jarraitutasun-itxura areagotzeko edo muntaketari erritmoa emateko erabiltzen da.

Atearen adibidearekin jarraituko dugu: A planoan pertsonaiak atea zeharkatu arteko akzioa ikusten dugu. Eta B planoak bestaldetik erakusten du atea irekitzen den unea. Atzera egite txikia izan da, eta baliabide hori eskala txikian erabiltzen bada jarraitutasun-irudipena ematen du.

Batzuetan une zehatz bat hainbat plano jarraituetan errepikatzen da, baina ikuspuntu desberdinetatik hartuta. Baliabide hori akziozko filmetan erabiltzen da, adibidez, kotxe edo eraikin baten leherketa erakusteko. Akzio bera hiruzpalau aldiz ikusten dugu angelu desberdinetatik, efektua areagotzeko eta ikusgarritasuna gehitzeko.

  • Atzera egite mugagabea: Bi planoren arteko trantsizioan atzera egite mugagabeari flash back deitzen zaio, eta ordu batzuetakoa edo urte askotakoa izan daiteke. Hori dela eta, elementu bat behar dugu atzera egin dugun denbora kalku­latzeko. Atzera egite hori neurtzeko, kanpoko baliabideen laguntza behar da: erloju bat, planoan agertzen den egutegi bat, moda-aldaketa, etab.