4.4.2 Espazioaren jarraitutasuna

Denbora-jarraitutasuna aztertu dugu aurreko atalean. Orain ondoz ondoko bi planoren arteko espazio-erlazio motak ikusiko ditugu.

Kasu gehienetan pelikulak ez dira grabatzen modu kronologikoan. Eszena bat osatzeko hainbat plano sortzen dira, baina ez dira derrigorrez momentu berean grabatu behar. Gerta daiteke bi aktoreren arteko elkarrizketa sortzeko, baten hartualdiak egun batean egitea eta bestearenak beste batean. Hala eta guztiz ere, muntaketa eta gero ikusleak ez du ezer nabarituko eta jarraitutasun-sentsazioa izango du. Hori raccordari esker lortzen da. Bestalde, jarraitutasun-akatsek raccord-akats izena dute, eta horrelakoak ekiditeko filmaketa lan-taldetan script izeneko arduradun bat egoten da.

Raccordak plano bat bere aurrekoarekin eta hurrengoarekin duen jarraitutasun-harremanari dagokio (frantzesez raccord hitzak “lotura” esanahia du). Espazioaren jarraitutasuna hainbat faktoreren araberakoa izan daiteke. Faktore nagusiak gehien bat pertsonaien ekintzak planoz plano jariotasunez lotzen dituztenak dira: mugimendua edo ibilbidearen norabidea, begiradaren maila eta norabidea, planoaren barneko kokapena eta eskala, argiztapena, edo, guztien arteko nabariena, objektuen raccorda.

Raccorda bi planoren arteko edozein jarraitutasun-elementuri dagokio, baina objektuen eremuan dauka garrantzi berezia; adibidez, betaurrekoak “raccordean” ez daudela esan daiteke, aurreko planoan pertsonaiak ez zeramatzalako ipinita.

Raccord kontzeptu garrantzitsua sakonago aztertzeko, gogoeta historikoa egin beharra dago:

1905. eta 1920. urte bitartean, zinema-zuzendariek kamera pertsonaiengana hurbiltzen hasi ziren (lehen planoen adierazkortasuna aurkitu zuten), eta, hala, zinemak hasieran erreproduzitu zuen antzerki-espazioa zatikatzen hasi ziren. Ohartu zirenez, antzerki-espazio baten irudipenari eustekotan, zenbait erregela bete behar zituzten, ikusleek eszenaren barruan orientazioa gal ez zezaten.

Halaxe sortu ziren begirada, norabide eta posizioaren raccord-nozioak:

      • Begiradaren raccorda: baldin eta A eta B planoek aparte erakusten badituzte elkarri begiratzen dioten bi pertsonaia, A pertsonaiak enkoadraketaren eskuineko ertzera begiratu behar du, eta B planoko pertsonaiak, berriz, ezkerrerantz. Baina bi pertsonaiek, ondoz ondoko bi planotan, enkoadraketaren alde berera begiratzen badute, pertsonaiek elkarri begiratzen ez dioten irudipena izango dute ikusleek, edo hirugarren pertsonaia bati begiratzen ari direla pentsatuko dute.
      • Norabidearen raccorda: pertsonaia bat planoaren eskuinetik irteten bada, enkoadraketan berriz ere sartzeko, ezkerretik egin beharko du. Hala ere, bigarren planoan eskuinetik sartzen bada, pertsonaiak norabidea aldatu duela pentsatuko du ikusleak.
      • Posizioaren raccorda: espazio-jarraitutasuna duten plano-aldaketetan ikusten denez, bi pertsonaia plano batean enkoadratuta eta posizio jakin batzuetan daudenean (adibidez, A eskuinean eta B ezke­rrean), bi pertsonaien enkoadraketa eta posizioa errespetatu behar ditu hurrengo planoak, ikuslea nahas ez dadin.

Zinematografiaren esperientziako urteetan, teknika horiek hobetuz joan dira xede bakarrarekin: espazio-jarraitutasuna edo espazio-hurbiltasuna duten plano-aldaketak nabari ez daitezela. Hala eta guztiz ere, hainbat pelikula ospetsuetan raccord-akatsak ikus daitezke: