Bigarren taldean ikusiko dugu zelan trata daiteke denbora istorioko gertakizunen ordenaren arabera. Ordena funtsezko kontzeptua da, ikus-entzunezko narrazioan gertaerak denbora-ordena jakin batean aurkezten direlako . Lehenago gertatzen diren gauzek azaltzen dute zer gertatuko den ondoren. Ordena horretan oinarrituta, narrazioak jauziak eman ditzake denboran eta iraganeko nahiz etorkizuneko gertaerak tartekatu ditzake erakusten ari dena argitzeko.
Denbora-jauziak beste era batera ere erabili dira sarritan, filmaren argumentuaren baitan. Adibidez, pertsonaiek denboran bidaiak egiten dituztenean. Kasu horietan denboraren jauziak ez dira narrazioaren baliabideak bakarrik, baizik eta istorioaren barneko gertakizunak. Horregatik komenigarria da argi izatea denbora-bidaiak eta flash backa edo flash forwarda ez direla gauza bera, nahiz eta batzuetan antzekoak izan.