2.1 Denboraren zatiketa

Ikus-entzunezko narrazioak sinesgarriak diren une eta espazioetan zatitzen du errealitatea. Kamerak irudiak jasotzen ditu narrazioa eraikitzeko, eta hori erreala (erreportajea, dokumentala) edo fikziozkoa izan daiteke.

Antzerki-lanek akto eta eszenetan banatzen dute iraupena, baina zinemak eta telebistak dituzten ezaugarriek (berehala leku batetik bestera salto egiteko gaitasuna, adibidez), beste zatiketa batzuetarako aukera ematen dute.

Sekuentzia hitza zinemaren hastapenetatik erabili da, film baten zatiketa nagusiak izendatzeko. Baina sekuentzia bat hainbat eszenatan bana daiteke, eta horiek hainbat plano edo hartualditan.

Laburbilduta:

  • Planoa edo hartualdia: kameraren bi etenaldiren artean filmaturiko akzio-zatia da. Planoa narrazioaren “zelula” da, fotogramak (telebistako framea) ez daukalako mugimendurik. Hainbat kamera-hartualdi filmatzen baditugu, nahiz eta muntaketan guztiak elkar lotu, hainbat plano izango ditugu. Baina plano-sekuentzia bat filmatzen badugu, hau da, kamerak pertsonaiari jarraitzen badio moztu gabe, plano bakarra izango dugu.
  • Eszena: denboran eta espazioan mugatuta dagoen berariazko akzio-unitatea da. Akzioa jarraitua izaten da (gutxienez itxuraz) eta giro edo eszenatoki berean filmatzen da. Eszena-aldaketa akzioa moztu eta tokiz aldatzen denean gertatzen da. Eszena batek zentzu osoa eduki dezake, baina gehienetan ez du izaten.
  • Sekuentzia: narrazioaren zatiketa nagusia da, eta zentzu osoa dauka. Ideia baten bidez elkar lotuta dauden hainbat eszenak osatzen dute sekuentzia. Hori dela eta, eszena multzo edo sorta bezala ere defini daiteke