4.2 Muntaketa motak

Ikusi dugunez, muntaketak ematen die planoei bere azken esanahia. Zinemagileek adierazi nahi dituzten ideietara egokitzen da muntaketa, eta haien helburuen arabera sortzen dira muntaketa mota desberdinak. Egiten dugun muntaketaren arabera, kontatzen ari garen istorioak zentzu desberdinak har ditzake. Horretan datza muntaketaren indarra eta garrantzia.

Bi faktore nagusiren arabera sailka daitezke muntaketa motak: istorioaren antolaketa eta planoen iraupena eta eskala. Lehenengo sailkapena narrazioaren ordenari dagokio gehienbat, eta bigarrena planoen estiloari eta erritmoari.