5. Soinua

Irudiaren eta soinuaren arteko erlazioak:

Zinema soinuzkoa izaten hasi zenetik, soinuak garrantzi handia izan du, irudiarekin bat egiten baitu. Soinuak sentimendua, dramatismoa edo beldurra eransten dio eszenari. Horregatik oso garrantzitsua da filmek, dokumentalek, telebistako saioek… soinu-banda edo soinu-efektu berezi onak izatea.

Soinua modu bikaina da gauzei buruzko informazioa emateko. Soinuak botere ukaezina du gure arreta irudi batera erakartzeko, eta irudiaz egingo dugun interpretazioa ere alda dezake. Ideia edo emozio bat azpimarratzeko ere balio du. Adibidez, hileta bateko irudiak ikusten ari bagara eta hileta-martxa entzuten badugu, musika emozio batean eragiten ari da. Musika alaia jarriz gero, ordea, egiazko hileta ez dela ere pentsa dezakegu.

Zineman, soinua ekintzarekin sinkroniza daiteke, edo ez. Sinkronizatuta badago, erritmoa emango dio kontaketari, eta sinkronizatuta ez badago, berriz, eremuaren eta eremutik kanpokoaren arteko harremanarekin jolasten gara. Filmean gertatzen denarekin kontrastea sortzea ere gerta daiteke. Adibidez, musikak plano estatikoa bizkorrarazi egin dezake, eta musika motelak irudien segida azkarra geldiarazi.

Soinua, espresio-baliabide gisa, hiru elementutan oinarrituz aztertuko dugu: ahotsa, musika eta efektuak.