2. Denbora zinematografikoa

Denbora erreala eta denbora zinematografikoa ez dira gauza bera. Narrazio zinematografikoa lan selektiboa da. Istorio bat kontatzeko, unerik eta gertaerarik esangu­ratsu­enak aukeratu behar dira ikusleak zentzua galdu gabe.

Ikusten ez dena iradoki edo esplizitu egin behar da. Gainera, denboran edo espazioan aldaketa horiek nola eta zergatik gertatzen diren azaldu behar da. Horretarako, ikus-entzunezko lengoaiak dituen adierazpen-baliabideak erabiltzen dira.

Zinemako denbora ez da denbora erreala bezalakoa. Zinemakoa aldakorra da, ez du zertan lineala izan, eta gainera bizkortu, moteldu edo alderantziz jar daiteke. Denboraren dimentsioa ulertzeko, honako bi kontzeptu hauen arteko desberdintasuna kontuan izan behar da:

  • Denbora diegetikoa: kontaturiko istorioaren barruko denbora da. Hau da, narrazioaren gertakizunen iraupena.
  • Irudikapenaren denbora: diskurtsoaren denbora edo filmaren iraupena da, "filmeko denbora" deritzona.

Esate baterako, pertsonaia historiko baten biografiari buruzko film bat egin nahi badugu, pertsona horren bizitzarena da denbora diegetikoa (75 urte, adibidez). Zineman islatzea ezinezkoa denez, pertsonaiaren bizitzaren unerik esanguratsuenak aukeratuko ditugu. Aukeraketa horrekin eraikitzen da irudikapenaren denbora (90 minutu, adibidez).

Baina, gainera, irudikaturiko denborak ez du zertan lineala izan: hain zuzen ere, gure pertsonaia hiltzen den unea izan daiteke haren biografia kontatzen duen filmaren hasiera. Filma pertsonaiaren heriotzarekin has daiteke, eta ondoren atzera egin eta bere gaztaroko gertakizunak erakutsi. Horrez gain, haren haurtzaroa filmean ez agertzea erabaki dezakegu, denbora-tarte hori ezabatuz. Hori da denboraren elipsia deritzona, eta halaxe gertatzen da Orson Wellesek 1941ean zuzenduriko "Citizen Kane" filmean.