4.2.1 Istorioaren antolaketaren arabera

1. Muntaketa narratiboa:

Muntaketa narratiboa gehien erabiltzen dena da, eta bere helburua zenbait gertaera modu ulergarrian kontatzea da. Normalean ordena kronologikoan kontatzen dira gertaerak, baina iraganerako edo etorkizunerako jauziak tarteka daitezke. Muntaketa narratiboa hainbat eratakoa izan daiteke:

  • Lineala: ordena kronologikoan kontaturiko akzio bakarra deskribatzen da.
  • Txandakakoa: aldi berean baina toki desberdinetan gertatzen diren akzioen aldibereko kontakizuna da. Akzio horiek bat egin ahal dute kontakizunaren bukaeran eta behar bada narrazio-ildoren hainbat alditan ere bai. Muntaketa mota honen kasu konkretu bat muntaketa konbergentea deritzona da: toki bakarrera eta bukaerako denbora batera hurbiltzen diren bi narrazio-ildoren denbora-banaketa dagoenean gertatzen da. Txandakako muntaketa asko erabiltzen da, narrazioari erritmoa eta aniztasuna ematen diolako.
  • Paraleloa: bi eszena edo gehiago, denboran independenteak izan ahal direnak, aldi berean erakusten dira eta ideia-asoziazioa sortzen da. Esanahia konparazioaren bidez eraikitzea da bere helburua. Denbora kronologikoak ez du hainbeste axola, eta akzio paraleloek azkenean ez dute zertan bat etorri. Muntaketa paraleloan ikusten ditugun akzio desberdinak askatasunez garatzen dira, bakoitza bere aldetik eta inoiz zeharkatu gabe edo bat etorri gabe.
  • Alderantzizkoa: narrazioaren denbora guztiz aldatuta dago, pertsonai baten subjektibotasunaren arabera edo gertakisunen dramatismoa areagotzeko.

2. Muntaketa adierazkorra:

Ikusleari akzioak kontatzeaz gain, interpretazio artistikoa edo ideologikoa komunikatu nahi dioten muntaketak dira. Elementu adierazkorrek denbora-progresioak baino garrantzi handiagoa daukate. Esanahi sinbolikoak eta ideologikoak sortzen dira ikusleek kontzeptu abstraktuekin lotu ditzaten. Zuzendari batzuek defendatzen dute sorkuntza-lan handiagoko munta­keta dela, Griffithek edo Eisensteinek esate baterako.