4. Muntaketa

Muntaketaren oinarri teorikoak:

Muntaketa plano guztiak filmaren barruan antolatzeko balio duen teknika da. Muntaketaren bidez filmaketan grabatutako planoak lotu egiten dira, jatorrizko istorioa modurik egokienean konta dezaten. Fase oso garrantzitsua da, eta nolabait gidoia berridaztea da, plano baten zentzua bere aurreko eta atzeko planoak baldintzatuta dagoelako.

Plano batek, berez, ez du narrazio-baliorik. Plano bakoitzak zentzua hartzen du planoen sekuen­tzia baten barruan dagoen heinean, eta bere esanahia aurreko eta hurrengo planoen menpekoa izango da. Hori dela eta, planoa ikus-entzunezko muntaketaren unitate gisa har dezakegu.

Filma ez da irudien desordena, baizik eta ondo antolatutako planoen segida bat. Hori dela eta, filmak ez du zentzu guztia hartuko planoak, eszenak eta sekuentziak dagokien tokian ondo kokatuta egon arte. Muntaketak emango du filmaren azken esanahia, eta ez, berriz, loturarik gabeko planoek. Izan ere, plano berak erabiliz, modu desberdinean antolatu eta esanahi desberdineko bi film lor daitezke.

Muntaiaren eragina erakusteko, Lev Kuleshov zinemagile errusiarrak egindako esperimentuaren bideoa.

Gidoia edo filmaketa bezain garrantzitsua da filma muntatzeko edo editatzeko fasea. Ez du ezertarako balio hartualdi ederrak filmatzeak, gero planoak modu desegokian antolatu eta muntatzen badira.

Muntaketa prozesu baten amaiera da, baina hasieratik aintzat hartu beharrekoa. Hori dela eta, filmatu baino lehen, muntaketarako behar izango ditugun plano guztiak aurreikusi behar dira. Normalean filmaren behin betiko bertsioan ikusten direnak baino plano gehiago filmatzen dira. Ez da ezer gertatzen behar baino plano gehiago grabatzen baditugu, baina filma hondatu egin daiteke behar baino plano bat gutxiago grabatzen badugu. Behin betiko muntaketarako, azkenik, filmaturiko planorik onenak aukeratzen dira eta nahi ez direnak baztertu egiten dira.

Ondoren, muntaketak ikus-entzunezko lanean dituen funtzio nagusiak laburbilduko ditugu. Honetarako balio du muntaketak:

  • Filmari zentzua ematen ez dioten planoak eta eszenak edo gaizki filmatuta daudenak baztertzeko.
  • Filmaren iraupena luzatzeko edo laburtzeko, plano gehiago edo gutxiago txandakatuz.
  • Erritmo zinematografikoa sortzeko, filma entretenigarriagoa edo aspergarriagoa egin dezake erritmoak. Erritmoa lortzeko, plano luzeak eta laburrak tartekatzen dira. Laburrekin erritmoa bizkortzen da eta luzeekin geldotu.