1. Espazio Zinematografikoa

Espazio zinematografikoa laua da, argazkigintzakoa bezalakoa. Hala ere, espazio lau horrek hiru dimentsioko espazioa irudikatzen du. Bai argazkigintzan, bai zineman irudiak errealitatetik zuzenean harrapatzen dira, oinarri fotosentikor eta laukizuzen baten bidez. Kasu bietan enkoadraketa laukizuzena erabiltzen da espazioa mugatzeko eta ikuspuntuaren arabera irudien angeluazioa alda daiteke.

Espazio zinematografikoa argazkigintzarenaren oinordekoa da, baina irudi finkoak sortzeaz gain, zinemagintzak mugimendua ere irudikatzen du. Zineman irudi finkoen segidak mugimendu jarraituaren ilusioa sortzen du, erretinako iraunkortasuna izeneko fenomeno bati esker. Hori gure begien ezaugarri batengatik gertatzen da: gure erretinak hautematen dituen irudiak ez dira berehala ezabatzen, eta iraupen horrek mugimenduaren ilusioa ahalbidetzen du.

Zootropoa eta praxinoskopioa zinemaren aintzindariak izan ziren.

Kameraren ikuspuntuaren mugimenduek eta objektuen mugimenduek espazio mota berri bat sortzeko gaitasuna ematen diote zinemari, planoen iraupen eta jarraitutasunarekin zerikusi handia daukana. Horregatik, espazio zinematografikoa eta denbora zinematografikoa elkarrekin lotuta agertuko dira beti.