1.3 Planoa

Planoa ikus-entzunezko lanaren gutxieneko adierazpen-unitatea da. Planoen jarraitutasuna da ikus-entzunezko edozein narrazioren oinarria.

Beste era batera esanda, planoa ikus-entzunezko lengoaiaren oinarrizko unitatea da, hau da, idatzizko lengoaiaren hitzaren baliokidea. Zenbait planoren baturak (elkarren mendekoak) sekuentzia osatzen du, eta hori idatzizko esaldia bezalakoa da.

Plano batek, berak bakarrik, ez du balio handirik. Plano bakoitzak multzo bati lotzean hartzen du zentzu guztia, eta bere esanahia aurreko eta ondorengo planoaren mende egongo da.

Hiru ikuspunturen arabera defini dezakegu planoa:

  • Espazioaren aldetik, planoa irudiaren edukia da. Hau da, kamerak bere enkoadraketaren barruan hartzen dituen gauzak. Horregatik esaten dugu plano bakoitzean aurrean dugun errealitatea "moztu" eta aukeratu egiten dugula.
  • Denboraren ikuspegitik, planoa kameraren bi mozketen arteko irudien hartualdia da (hartualdia kamera abian jartzen denetik geratu arte grabatzen dena da). Baina planoa laburragoa izan daiteke, muntaketan hartualdiaren zati bat bakarrik aukeratu dezakegulako. Beraz, denbora-unitate batean filmaturiko fotograma sorta da planoa.
  • Muntaketa unitate gisa ere defini dezakegu planoa: ordena baten arabera film osoa egiteko erabiltzen diren gutxieneko zatiak.