Sarrera

Ikus-entzunezko narrazioaren printzipioak:

Istorioak irudi eta soinuen bidez kontatzeko, narrazio modu berezia erabiltzen da: ikus-entzunezko narrazioa. Ondo ezagutu beharko ditugu narrazio mota horren baliabideak, zinema edo bideoko filmak sortu nahi ditugunean.

Ikus-entzunezko narrazioak sortzeko erabiltzen diren erregelek eta elemen­tuek, ikus-entzunezko lengoaia osatzen dute. Unitate honetan lengoaia horren oinarrizko elementuak ezagutuko ditugu. Elementu horiek zinemarako zein bideorako baliagarriak dira, eta neurri handi batean komikiaren narrazioak ere baditu elementu horiek.

Hasiera baten, XIX mendean, zinema antzerkia bezalakoa zen: zinemagileek, kamera finko mantenduz eta etenik gabe grabatzen zuten aurrean zeukatena. Horrela, oso iraupen luzeko plano jarraituak ateratzen zituzten, eta aktoreek antzezten zuten guztia jarraian ikusten genuen, antzerkian bezala. Baina geroago, apur-apurka eta praktikarekin, beste aukera eta baliabideak ere aztertzen hasi ziren. Konturatu ziren, adibidez, kamera lekuz aldatu eta mugitu ahal zutela edo akzioa hainbat planotan zatitu ahal zutela. Modu horretan, ikus-entzunezko lengoaiaren printzipioak eta arau nagusiak finkatzen hasi ziren.

Gaur egun, berriz, guztiok ohituta gaude ikus-entzunezko lengoaiara, eta ez da beharrezkoa espazioa eta denbora jarraituak izatea. Filmen planoen iraupena asko laburtzen da, eta eszenatokiz edo garaiz aldatzen da inolako beldurrik gabe. Horregatik esaten da ikus-entzunezko narrazioetan espazioa eta denbora zatikatu egiten ditugula. Adibidez, ehiztari bat irudikatzeko, nahiko da norbait ehizarako jantziekin eta basoan eskopeta daramala irudikatzea, eta ondoren, etxe barruan, uso bat jaten ari dela erakustea. Horrela guztiok interpretatzen dugu ehiztariak usoa ehizatu egin duela eta jaten ari dela. Denbora zatikatu egin dugu, ehizaldi osoa ez baitugu erakutsi, ezta sukaldeko lana, etab. ere. Era berean, espazioa ere zatikatu egin dugu, basotik etxera plano-aldaketa bakarrean aldatu baitugu.

Unitate honetan, lau arloren arabera aztertuko dugu ikus-entzunezko lengoaia: espazioa, denbora, muntaketa eta soinua. Horrez gain, ikus-entzunezko narrazio baten aurre-produkzioaren pausuak ere ikasiko ditugu, batez ere gidoia.