TESTUAK - TXINAKO LITERATURA (VIII. mendea)
Txinako literaturan garrantzitsuak dira bi poeta hauek: Li Po (Li Bai izenez ere ezagutua) eta Tu Fu (Du Fu), biak VIII. mendekoak. Li Po-ren mila poema inguru heldu dira gugana; poetaren obran taoismoaren eragina nabarmena da.
ILARGIPEAN EDATEN - Li Po
Zeruak ardoa maite ez balu,
ortzean ez legoke ardoaren izarrik.
Lurrak ardoa maite ez balu,
lurrean ez legoke ardoaren iturririk.
Hauek biek ardoa maite badute,
ez gaitezen gu ardoaz lotsa.
Ardo argia jakintsuarentzat,
ardo iluna adituarentzat.
Hauek biek ardoa edaten badute,
zertarako hilezkortasuna amets?
Hiru kopa, Tao-arekin harremanetan.
Upel osoa, naturarekin bat.
Ardotan baizik ez da lortzen plazera,
alferrik da neurritsuari deus esatea.
TOPA DEZAGUN - Li Po
Ez al dituzue ikusten
ibai Horiaren urak,
zerutik itsasoraino
azkar doazenak?
Inoiz ez dira itzuliko.
Ez al dituzue ikusten,
etxe dotoreetan, triste,
ile urdindunak
izpilu distiratsuei begira?
Goizaldeko zeta beltza zirenak
elur bihurtu dira
orain, iluntzean.
Atsegin har dezagun,
goza ditzagun bizitza honen plazerak,
ez ditzagun hutsik laga,
ilargipean,
gure urre-koloreko edontziak.
BI ADISKIDE - Tu Fu (Li Po-ri)
Hiru gauez jarraian
zurekin egin dut amets.
Ate aurrean zinen
ile zuria eskuz astiro laztantzen,
nahigabe handi batek
arima garraztuko balizu bezala.
Hamar mila, ehun mila udazkenen buruan
sari ezdeus bat baizik ez duzu izango:
hilezintasuna.
ASEEZINA - Tu Fu
Aseezina da enperadorea
handitzeko egitasmoetan
eta bere herriaren garrasia ez du entzuten.
Alferrik hartu dute emakume ausartek
pala eta goldea.
Nonahi karduek eta sasiek
lur mortua bereganatu dute.
Eta gerrak darrai,
eta sarraskiak ez du amaierarik.
Eta gizonen bizitzak ez du balio
oilaskoarenak edo zakurrarenak baino gehiago
Tu Fu (Du Fu) Li Po-ren jarraitzailea izan zen. Gai berriak ekarri zituen Txinako olerkigintzara: eguneroko gaiak, familia bezala, eta justiziaren ikuspegia, pobreziaren salaketarekin.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.