A - ERREPIKAPENEZKO FIGURAK
(ERREPIKATU DAITEZKE HITZAK, LEXEMAK, MORFEMAK, PERPAUSAK…)
ALITERAZIOA
Esaldi batean eta bereziki bertsoetan hots bera (fonema bera) errepikatzen da, soinuzko efektua lortuz: Zurrumurru suabearen soinua sentitzen zuen zientzia gelan
ANADIPLOSIA
Testu zati baten azken zatia hurrengoaren hasieran errepikatzean eta kateatzean datzan hitzezko figura. Euskaraz kateatze ere esaten zaio: Koldora joan ginen, joan ginen bizikletaz
ANAFORA
Lerroen edo esaldien hasieran hitz bat edo gehiago errepikatzea da: Gelara goaz guztiok ikastera, gelara goaz nekatu samarrak, gelara goaz astelehen goizean
GRADATIOA
Errepikapena da, mota bereko hitzak, baina gorako edo beherako sekuentzia egiten da, askotan klimax batera edota definizio gero eta zehatzagora heltzeko: Koldo Mitxelena jakintsua zen, jakintsua eta langilea; ez hori bakarrik, jakintsua, langilea eta zintzoa
PARALELISMOA
Egitura sintaktiko bat errepikatzen da orden berean, bi perpausen elementuek era berean agertzen zaizkigularik: Irakasleak ikasleari gurasoak joateko esan eta ikasleak gurasoei gezurrekin aritu (nork+nori+osagarria+aditza egitura kasu honetan)
PARANOMASIA
Hitzen hotsekin jolasten da, antzeko soinua duten hitz desberdinak ondoan jarriz, hitz jokoak eginez: Klaseak hasi, nekea ikasi
POLISINDETONA
Koordinatzeko juntagailu bera (eta, baina, edo..) asmo estilistikoz errepikatzea da: Altxatzen da eta gosaltzen du eta azkar, gainera, eta berehala autobusera eta gelara iristen da dagoeneko nekatuta
ASINDETONA
Elipsi prozedura da, lokailurik edo juntagailurik ez erabiltzea da, polisindetonaren aurkakoa: Azterketa gainditu nahi du, ez du ikasten, ez du gelan kasurik egiten, ez du ezer egingo.
B - TROPOAK
ALEGORIA
Metafora jarraitua da, metafora batzuk jarraian kateatzen direnean errealitate oso bat deskribatzeko: Koldoko inurritegira motxiladun inurriak ari dira sartzen, barneko tuneletan galtzera (inurritegi- ikastetxea, inurriak-ikasleak, tunelak-pasabideak)
HIPERBOLEA
Zerbait gehiegi puztean gertatzen da, gehiegikeria sortuz. Ezaugarriren bat edo errealitate bat handitzera edo txikitzera jo dezake: Egunero azterketa bat dugu!
IRONIA
Hitzekin esaten denak errelitatearen aurkakoa adierazten du, askotan tonu bereziarekin esana: (Institutuan, goizeko azken orduan) Ez dakit zergatik ez dugun ordu bat gehiago hemen ematen, hain gustura nago …!
KONPARAZIOA
Bi elementu (erreala eta irudizkoa) erkatzea edo konparatzea da; argi uzten da konparazio bat dela (bezala, bezain, adina, antzera, moduan …): Klase hura Portaventurako iladan itxarotea bezain aspergarria zen
METAFORA
Errealitate bat beste baten izenarekin ordezkatzen da, antzekotasunen bat dutelako: Koldoko artzainak nor bere geletara doaz pasabidean zehar (irakasleak)
METONIMIA
Hitz bat beste hitz baten ordez aldatzen da, bi hitzen artean erlazio bat dagoelako: Literatura unibertsalera joango gara
PERTSONIFIKAZIOA
Bizigabeei, animaliei edo kontzeptu abstraktuei gizakien portaera eta ezaugarriak egozten zaizkie: Koldoko eraikuntzak maltzurki begiratzen gintuen “bihar berriro etorri beharko dira” pentsatuz
SINBOLOA
Errealitate abstraktu bat normalean adierazten edo iradokitzen duen zeinua: Koldoko patioan usoa pausatu zen lasai-lasai, bakea zabalduz
SINESTESIA
Zentzumenen nahasketa erabiltzen du errealitatea literarioki irudikatzeko: Koldo Mitxelenako pasabideek euskal rock usaina dute
C - KONTRASTEZKO FIGURAK
ANTITESIA
Hitz edo esaldi bat aurkako esanahia duen beste bati kontrajartzea: Udako alferrak langile bihurtzen dira irailean, ikasturtearekin batera
OXIMORONA
Bi osagai bateraezin elkartzea: Informaziotik gabeko Entziklopedia dugu gelan
PARADOXA
Kontraesana dakarren baieztapena edo baieztapen multzoa da: Asteburuan deskantsatu nahi baduzu hobe duzu lan egin
D - BESTEAK
APOSTROFEA
Testu batean beste pertsonaia, objektu edo entitate bati dei egiteko erabiltzen den figura erretorikoa: Baliabide literarioak zer dira? Aitor, baliabideen inguruan zer esan dezakegu?
EPITETOA
Zerbaiti berezko ezaugarri bat nabarmentzeko atxikitzen zaion adjektiboak edo hitz kalifikatzaileak: Koldoko ikasle gazteak hamaiketan daude patioan
GALDERA ERRETORIKOA
Erantzunik bilatzen ez duen galdera: Zenbat aldiz esan behar dizut isiltzeko?
HIPERBATONA
Hitzen ohizko ordena aldatzean datzan figura: Busa badugu galtzen berandu gara helduko institutura
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.