Erdi Aroko tarte zabalenean, kultura idatzia eliz-gizonen esku egon zen batez ere, eta latin hutsez idazten zen. Herri xeheak, ordea, Europako hizkuntza berriez kantatzen zituen bere abesti xumeak, gai nagusitzat jaia, maitasuna eta lana zituela.
Poesia horren adibide gehienak galduta daude, egileak herrikoak eta ezezagunak zirelako. Dena den, aleren bat edo beste iritsi zaigu. Poeta ikasi arabiar, frantses, gaztelar, katalan nahiz galegoak, mendeetan zehar ahoz aho ibilitako abestitxoez jabetu ziren eta idatziz jasotzen hasi ziren; horiek izan ziren «adiskide kantw» galego-portugesen, gaztelerazko eta katalanezko villancico-en, frantsesezko chansons de femme-en eta jarchen iturri. Lelo batzuk eta besteak alderatuta, ezaugarri berberak aurkitzen dira guztietan.
Tonua, esate baterako, maitearen ausentzia deitoratzen duen, edota jeloskor agertzen den emakume gazte eta maitemindu baten auhena, kexa, izan ohi da beti, formula indartsu eta tolesgabeen bidez bere grina sentsuala agerian utziz. Monologoak izan ohi dira batzuetan, beste emakume bati egiten zaizkion aitorpenak, besteetan. "Adiskide" izena ematen zaio maiteari. Bertsoak sinpleak dira formaz eta lexikoz, baina hizkera espresiboa eta ederra da.
Herri hizkuntzei dagokienez, maila jasoko poesia lirikoa probentzeraz egin zen lehenbizikoz. Eskola hori Frantziako hegoaldean sortu zen XII. mendearen hasieran, eta bere eraginez antzeko literatura agertu zen Europako beste hizkuntza batzuetan, batez ere frantsesez, katalanez, galego-portugesez (cantigas) eta alemaneraz (minnesang).
Konposizio berri horiek berezko ezaugarri nabarmenak zituzten. Egileak, trobadoreak, ezagunak ziren, eta musikaz lagunduta zabaltzen zituzten. Juglareen antzekoak ziren, jantziagoak eta itzal handiagokoak, ordea, baina ez ziren klerikoak. Haien artean nobleak zein plebeioak zeuden.
Gaiei dagokienez, ondoko azpigeneroak bereizten ziren:
Canso: maitasun poesia, literatur maila jasokoa.
Sirventes: poesia satirikoa, elkar zirikatzekoa edo kritika moralak egitekoa.
Pastorela: zaldun baten eta neska artzain eder baten elkar topatzea kontatzen du.
Planh: hileta-eresia.
Tenso: bi poetaren arteko eztabaida.
Trobadoreen entzule gehienak aristokratak ziren, gero eta finagoak eta gerrarako grina gutxiagokoak. Haientzat, trobadoreek ereduzko maitasun-ideal bat osatu zuten, maitasun adeitsua delakoa, Andreas Capellanusen Sobre el amor obran jasotakoa (XII. mendea).
Eredu horren bidez feudalismoa maitasun harremanetara egokitu zen. Jauna andre bat zen, noblea eta ezkondua. Poeta, haren morroi eta zerbitzari zintzoa, isilean erabat maiteminduta zegoen berarekin. Bere maitea lortu ezinik, maiteminduak sufritu egiten zuen, baina baita bere burua araztu ere.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.