Lisboa, 1888ko ekainaren 13a - Lisboa, 1935eko azaroaren 30a
Portugaleko idazle handienetakoa izan da, saiakera eta poema egilea. Gaztetan Hegoafrikan bizi izan zen eta ingelesa ongi zekien horregatik. Edariak eragindako zirrosi baten ondorioz hil zen 47 urterekin.
Bere obretan askotan heteronimoak erabiltzen zituen, hau da, goitizenak: Alberto Caeiro, Ricardo Reis, Alvaro de Campos, Bernardo Soares, Antonio Mora... Izen horien atzean Pessoak sorturiko pertsonaiak daude, bere ezaugarriekin, bizipenekin, ideologia berezkoarekin.
Bere lanik garrantzitsuenak Mensagem (Mezua) eta Livro do desassossego (Sosegurik ezaren liburua) dira; lehena poema liburua eta bigarrena egunkari modukoa, gogoetaz betea.
Quando vier a primavera
Udaberria etor dadinean,
Ni hila banintz,
Gisa berean loratuko dira loreak
Eta zuhaitzen berdetasuna ez da aurreko Udaberriarena
baina ttipiagoa izango.
Errealitateak ez du nire beharrik.
Nire heriotzak bat ere inportantziarik ez duela pentsatzean,
Egundoko poztasuna dut sentitzen.
Bihar hil nintekeela jakingo banu
Eta udaberria etzi izan litekeela,
pozik hilgo nintzateke, etzi izango litzatekeelako.
Bere sasoia hori bada, noiz letorke bere sasoian ez bada?
Dena erreala izatea eta dena agerian egotea dut atsegin;
Eta atsegin dut horrela delako, nahiz eta gustatu ez.
Horregatik, orain hilgo banintz gustoz egingo nuke,
Dena erreala delako eta dena agerian dagoelako.
Nahi badute, latinez erreza dezakete nire zerraldoaren gainean.
Nahi izanez gero, dantza eta kanta egin dezakete beraren inguruan.
Preferentziarik ez daukat preferentziarik izango ez dudan ordurako.
Izango dena, izan dadinean, izan izango da.
******************************
Hilik datza gerizpean Kleopatra.
Euria da.
Ekibokatu egin ziren itsasuntziari bandera imintzean.
Euria da beti.
Zergatik begiratzen duzu zuk ziudade hurrina?
Zeure arima da ziudade hurrina.
Euri hotza ari da.
Eta seme hila altzoan laztantzen duen amaz,
Denok laztantzen dugu seme hil bat altzoan.
Euria da, euria da.
Zure ezpain nekatuetan sobera dagoen irribarre tristea
Dakusat zure hatzek zeure eraztuna ukitzen duteneko keinuan.
Zergatik ari da euria?
******************************
Amodio gutun guziak dira
Erridikuluak,
Ez lirateke amodio gutunak ez balira
Erridikuluak.
Neuk ere idatzi nituen ene denboran amodio gutunak
Erridikuluak,
Besteak bezala.
Amodio gutunak, amodiorik bada,
Erridikuluak
Izan behar dira.
Baina, finean,
Amodio gutunik
Sekula idatzi ez duten kreaturak soilik dira
Benetan
Erridikuluak.
******************************
Lo egiten dut. Amets eginez gero, esnatzean
Ez dakit zer amets egin dudan.
Lo egiten dut. Amets egin gabe lo eginez gero
Ezagutzen ez dudan espazio zabal batetara
Esnatzen naiz, oraindik ez dakidanerako
Esnatzen bait naiz.
Hobe da, amets egin edo amets egin gabe ordez,
Se depois de eu morrer, quisierem escrever a minha biografia...
Baldin eta ni hil ondorengoan, nire biografia idatzi nahi badute,
Ez dago ezer xumeagorik
Bi data bakarrik ditut: neure jaioteguna eta neure heriotzarena.
Bata eta bestearen artean egun guztiak nireak dira.
Mugaerreza naiz.
Kondenatu gisa bizi izan naiz.
Gauzak maite izan ditut bat ere sentimentaltasunik gabe.
Inoiz ez dut desio bat izan gauzatzerik ezin izan dudana,
inoiz itsutu ez naizelako.
Entzute hutsa ere ez da inoiz izan niretzat
ikustearen lagungarri baino.
Gauzak errealak direla eta guztiak elkarren ezberdinak
direla ulertu ere ulertu egin dut.
Begien bidez ulertu dut berau, inoiz ez pentsamenduaz.
Pentsamenduaz berau ulertzea denak berdintzat
jotzea litzatekeelako.
Behin batean loak hartu ninduen edozein gizaki bezala.
Begiak itxi eta lo egin nuen.
Honetaz gain, Naturaren poeta bakarra izan naiz.
******************************
Jainkoak zoriontsuak dira.
Sustraien bizitza bizi dute.
Fatuak ez ditu beren desirak zanpatzen;
Edo, zanpatu arren, gero
Bizi eternala ematen die.
Ez dute itzalik
Ez inor samintzen dituenik.
Eta, gainera, ez dira esistitzen.
******************************
Inscription X
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Gu, hemen gautzanok, amoranteak ginen.
Geure egoerak ukatzen gaitu.
Ene esku galdua bere bularra
falta den lekuan desegiten da.
Ezaguna da amodioa, baina
anonimoa da amorante bakoitza.
Eder senditzen ginen. Mosuka zaitezte,
halantxe mosukatu ginen gu ere.
******************************
«Kaixo, ardi zaintzen zauden hori.
Hor, bide bazterrean,
Zer esaten dizu haizeak?»
«Haizea dela, eta iragaiten dela,
Eta lehenago ere iragan zela,
Eta geroago ere iraganen dela.
Eta zuri, zer esaten dizu?»
«Niri garbiago esaten dit.
Beste gauza askotaz mintzo zait.
Oroitzapenez eta saudadez
Eta sekula izan ez diren gauzez.»
«Ez duzu haizea iragaiten sekula entzun.
Haizeaz soilik mintzo da haizea.
Entzun diozun hori gezurra da,
Eta gezurra zeure baitan dago.»
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.