ERROMANTIZISMOA
Erromantizismoa mugimendu artistiko eta soziala izan zen, batez ere XIX. mendean garatzen dena. Bere eragina gaur egun oraindik garrantzitsua da. Erromantizismoak begirada eta sentsibilitate berria ekarri zuen, XVIII. mendeko kontzeptu eta ideia askorekin etena sortu zuena:
- Klasizismoak ezarritako arauei eta ereduari uko egiten zaio: artea ez da izango hainbat baldintzen arabera sortutako produktu ederra eta orekatua, Argien Mendean ezarri zen bezala. Aldiz, norberaren espresio subjektiboa eta librea izan behar du arteak; segurtasun ezean mugituko da, alde ilunean, asmo didaktikorik eta erabilera praktikorik gabe.
- Mendebaldeko kultura ilustratuaren baloreak zalantzan jartzen dira: ezagutza arrazionala eta zientifikoa gainditu nahian gertaera eta egia misteriotsuak, ilunak, urrunekoak, berezienak hartzen dira aintzat. Intuizioa eta sentimendua lehenesten dira, ordenaren eta argitasunaren aurretik.
- Askatasunaren aldarrikapena funtsezkoa da: bizitzaren arlo guztietan (politikan, etikan, erlijioan, artean … ) nork bere bidea eta bere erabakiak hartzeko eskubidea ukaezina da. Errebeldea, gizarteari aurre egiten diona, heroi berria da, eta askotan protagonista izango da literaturan. Barneko bultzada batek mugiaraziko du errebelde hau, gehienetan baztertua eta ez ulertua izango dena.
- Sentimenduaren nagusitasuna adieraziko da: arrazoiari men egin beharrean, sentimenduak izango dira iparrorratza. Batzuetan alaitasunaren su beroan, besteetan tristuraren zulorik beltzenean, hainbatetan ekintza geldiezinean edo geldotasun etsienean, pertsonaiak bihotzaren bultzaden arabera portatuko dira. Sentimenduetan norbanakoaren espresiorik benetakoena ikusten da.
- Idealismo berria garatzen da: ideal handien desioa dute (zoriontasuna, justizia, maitasuna … ), eta askotan errealitatetik oso urrun geratzen dira. Asmo handien eta eguneroko errealitatearen arteko kontrasteak frustrazioa sortzen die, eta frustrazio horri irteera emateko ihesa (urruneko leku exotikoetara, iraganeko gara idealizatuetara, suizidiora, irudimenezko munduetara … ).
- Intuizioa eta inspirazioa dira artearen abiapuntuak, imitazioa baino. Jatorrizkoagoa eta benetakoagoa da barnetik sortzen dena, naturalagoa, gizarteak jarritako mugetatik at.
- Honek guztiak subjektibotasunaren gorespenean du oinarri. Pertsonaren barne munduari lehentasuna ematen zaio, hau da, norbere kontzientzia eta gogoa aztertzea eta azalaraztea: nahiak, gogoak, ametsak, maitasunak, gorrotoak …
Artean, eta literaturan bereziki, gai eta forma literario berriak agertuko dira, eta horrez gain betiko gaiak tratatzeko era berriak:
Maitasuna: sentimenduen espresio gorena dakar Erromantizismoak eta horregatik ohikoa izaten da gaia, bereziki lirikan. Emakumearen irudi oso desberdinak agertzen dira: batzuetan aingerua bezalako izango da, ederra, bihotz onekoa, noblea … eta beste batzuetan pizti maltzurra ere izan daiteke. Askotan maitasuna heriotzarekin lotuta agertzen da, modu batean edo bestean (maitasunagatiko suizidioa, heriotzaz haraindiko maitasuna, maite den horren heriotza … ).
¶ Heriotza: Batzuetan, bizitzak ez ditu betetzen idazlearen nahiak eta irteera batzuetan heriotzan aurkitzen dute erromantikoek. Bestalde, bizitzaren zentzuari buruzko galdera badago, eta kezka filosofiko horretan heriotzak lehentasunezko lekua du. Gainera, heriotza ohiko gaia bihurtzen da narratiban, eta, besteak beste, beldurrezko generoa jaiotzen da. Heriotzari lotutako lekuak eta eszenak ugariak dira artean eta literaturan (hilerriak, gorpuak …).
¶ Natura: Paisaia pertsonaren barne munduaren isla bihurtzen da, eta sentimenduz betetzen da. Paisaia basatiak, latzak izaten dira, askotan gauekoak; klasizismoak gogoko zituen paisaia atsegin, orekatu eta samurrak ez dira egokitzen gogoaren aldaketa bortitzekin eta irrazionaltasunarekin.
¶ Arazo politiko, filosofiko eta sozialak: Gai hauek ere agertzen dira, gehienetan askatasunaren aldarrikapenaren forman. Norberaren askatasuna izango da abiapuntua, komunitatearen ohitura eta arauen aurrean. Beste batzuetan nazioaren inguruan eratuko da literatura, edota sozialki baztertuen protestaren inguruan.
¶ Ihesa: ihes egiteko modu ugari topatuko dute artistek, beren gogoak betetzen ez dituen errealitatearen aurrean; honela, gai batzuek garapen zabala dute:
o Iraganerako ihesa: bereziki Erdi Aroa, garai honetan Garai Klasikoa baino gustukoagoa. Genero historikoak garapen zabala izango du.
o Urrutiko herrialdeetara ihesa: Ekialdeko herrialdeetara, urruneko ingurune basatietara eta beste leku exotikoetara joko dute “desberdin” den zerbaiten bila.
o Fantasiarako ihesa: mundu eta errealitate fantastikoak sortuko dituzte, batzuetan beldurgarriak, askotan ilunak eta zirraragarriak; beldurrezko generoa eta zientzia fikzioa hasiko dira garatzen.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.