XX. mendeko idazle italiar handienetakoa da (1908-1950). Italiako erresistentzian aritu zen faxismoaren aurka. Idazle handia bada ere, itzultzailea eta Turingo argitaletxe baten zuzendaria ere izan zen. Poesia liburuez gain, narraziogintzan ere aritu zen.
HERIOTZA ETORRIKO DA ETA ZURE BEGIAK IZANEN DITU
Verrà la morte e avrà i tuoi occhi
euskaratzailea: Xabier Lete / armiarma.eus, 2015
Etorriko da zure begiz heriotza
gor, logabe, alhadura zaharren gisan
egunsentitik gauera laguntzen gaituen
ohidura zentzugabe bat bailitzan,
zure begiak alferrikako hitza izanik
garrasi mutu, isiltasun oro isil
goiz bakoitzean aurkitzen dituzu adi
ispilura begiratuz, ilun, hurbil.
Jakinen dugu egun hartan, o itxaropen!
bizitza zarela ta ezereza
guztiontzat du heriotzak soa zorrotz
bakar, mutu, leizera jetsiko gara.
Entzunen dugu ezpain hertsien mintzoa
aurpegi hotz bat leihoaren ondoan
usadioen jantziak zintzilikatuz
biluztasuna nagusitzen denean,
zure begiek argi grisaren errainu
mendi ilunen goizorduko izotza
esnatzearen dardara eta ikara
kale hutsetik hurbiltzen zarenean.
Jakinen dugu egun hartan, o itxaropen!
bizitza zarela ta ezereza
guztiontzat du heriotzak soa zorrotz
bakar, mutu, leizera jetsiko gara.
ZUK EZ DITUZU EZAGUTZEN
euskaratzailea: J. Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak Pamiela, 1985
Zuk ez dituzu ezagutzen
Odola barreiatu zeneko muinoak.
Ihes egin genuen guziok,
Guziok utzi genuen han
Harma eta izena. Andere batek
Begiratzen zuen gure ihesa.
Gutariko bat bakarrik
Gelditu zen, ukabila hertsirik,
Ortze hutsa soegin zuen,
Burua makurtu eta hil egin zen
Harresiaren azpian, isilean.
Orain odol lohigune bat dago
Eta here izena. Andere batek
Igurikatzen gaitu muinoetan.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.