Moineşti, Errumania, 1896 - Paris, 1963
Idazle errumaniarra da, dadaismo joera estetikoaren bultzatzaile nagusienetako bat. Gazterik Suitzara bizitzera joan zen, eta geroago Parisera. Bertan harrapatu zuen II. Munduko Gerrak eta Frantziako Erresistentzian aritu zen. Geroago komunismorako aldaera ideologikoa izan zuen.
DADAISMOA
Arte mugimendua izan zen, XX. mendearen hasierakoa. Voltaire Kabaret izeneko lokal baten inguruan antolatu zen, Zurich hirian. Hainbat herritatik heldutako artistek osatu zuten mugimendua: Huelsenbeck eta Ball alemaniarrak, Arp eskultore franko-alemana, Tzara errumaniarra eta beste. Olerkia, antzerkia, kanta eta dantza jarduerak egiten zituzten, joera nahasian, generoen arteko nahasketa sortuz.
1916 urtean abiatu zen dadaismoa, ohiko balio eta bizimodu burgesen aurka joz. Literatura eta arte era berria proposatzen zuen, tradizioaren eta ongi ikusiaren kontrakoa. Arrazoimena ez zuten onartzen irizpide moduan, espontaneotasuna eta mugarik gabeko irudimena aldarrikatuz. Zoria eta kasualitatea artearen motoreetako bat dela uste dute (ikusi ondoko zutabean "Poema bat egiteko metodoa"). Honela "antiartea" proposatzen dute, obra ez estetikoak bilatuz, surrealismotik gertukoak.
Hori guztia adierazteko esanahi zehatzik gabeko hitza aurkitzen dute: dada.
TZARA-REN DADA MANIFESTUA (ZATI BATZUK):
/.../
Manifestu bat idazten ari naiz eta ez dut ezer nahi, gauzaren batzuk esaten ditut alabaina, eta printzipioz manifestuen aurka nago, printzipioen aurka nagoen bezalaxe (dezilitroak edozein esaldiren balio moralagatik —soberazko erosotasuna; gutigorabeherakoa inpresionistek asmatu zuten). Elkarren aurkako ekintzak batera gauza litezkeela frogatzeko ari naiz idazten, arnasaldi bakar freskoan; ekintzaren aurka nago; etenbako kontradikzioaren alde baieztapenaren alde; ez naiz ez alde ez aurka eta ez dut azalpenik emanen aiher dudalako zuhurtzia.
/.../
Artelan oro, margo edo plastiko, alferrikakoa da, baita espiritu morroituak ikaratzen dituen munstroa bada ere, eta ez, gizateriaren alegia honen irudi, giza jantzietan jarritako abereen ganbelak apaintzeko eztiartea.
/.../
Familiaren ukoa bihurtzeko gai izan litekeen higuin molde oro Dada da; ekintza suntsitzaile bati emana den izaki ororen ukabilkako protesta: Dada; patxadazko konpromisoaren eta politeziaren sexu publikoak ukatzen dituen bitarteko guztien ezagutza: Dada; logika, sorkuntzarako ezinduen dantza horren abolizioa: Dada; gu jopuon artean dauden jopuek erabakitako balio mailaketaren ekuazio eta hierarkia ororena: Dada; objektu oro, objektuak oro, sentimenduak eta iluntasunak, agermenak eta marra paralerroen talka: Dada borrokaren baliagarriak dira; oroimenaren abolizioa: Dada; arkeologiaren abolizioa: Dada; profeten abolizioa: Dada; etorkizunaren abolizioa: Dada; bat-batekoaren berehalako emaitza den jainko ororenganako konfiantza zeharokoa eta eztabaidaezina: Dada; harmonia batetik beste esfera baterainoko jauzi dotore eta aurriritzirik gabea; disko oihu ozen baten antzera jaurti hitzaren norabidea; indibidualtasun ororenganako begiramena bere sentimendu bakoitzaren uneko zoroaldian: sentimendu zurrunak edo ikaratuak izan, herabeak edo sutsuak, sendoak, ausartak, gogotsuak; norberaren eliza osagarri astunez eta alferrekoz biluzi; adeitasunik gabeko edo amodiozko pentsamendua tu egin turrusta argitsu iduri, edo —ber gauza delako atsegin bizian— indar berdinean ferekatu laharrean, eltxorik gabea behar bezala sortutako odolarentzat, eta goiaingeruen gorpuek, bere arimak urreztatua. Askatasuna: DADA, DADA, DADA, oinaze laztuen ulua, aurkako ororen eta kontradikzio ororen, grotesko ororen, inkoherentzia ororen uztarketa: BIZITZA.
Poema pare bat:
POEMA BAT EGITEKO METODOA
Sept manifestes Dada liburuan, 1924an:
Egunkari bat hartu
Egunkarian zure poemaren luzerako artikulua aukeratu
Moztu artikulua
Ondoren, kontu handiz, artikuluaren hitzak moztu eta poltsa batean sartu
Leunki nahastu poltsa
Orain banan-banan moztutakoak joan ateratzen
Zehatz-mehatz hitzak ondo asko kopiatu ateratako ordenenean berean
Poemak zure antza izango du
Eta zu idazle ikaragarri originala eta sentiberatasun liluragarrikoa zara
Nahiz eta ezjakinek ez ulertu
KAPITAINA!
Kapitaina!
zeruharriek, urjauziaren indar irekiek, mehatxatzen gaituzte,
sugeen korapiloak, kateen zigor hedeak,
sumindura betierekoaz
kutsaturiko herrialdeetan garaile hedatzen dira;
Kapitaina!
tratu txarrik jasan duten animalia guztien salaketek,
ohe gainean hozkatuak,
odolezko errosetoietan egiten dute aharrausi,
harrizko hortzen euriteak eta kaioletako zirin arrastoek
elurrarenak bezain amaiezin diren tapakietan
lurperatzen gaituzte;
Kapitaina!
itsastxakur bilakatzen den ikatzaren argitasunak, tximista,
intsektu, zure begien pean, aluzinatuen eskuadroiek,
munstro gurpildunek, lo-ibiltari mekanikoen ohiuek,
zilarrezko tableten gaineko urdail likidoek,
lore haragijaleen krudelkeriek
lanegun arrunt landatarra
eta zure arratsaren zinematografoa
bereganatuko dituzte;
Kapitaina!
Zain ezazu zure burua, kontuz begi urdinekin.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.