1.1. ZER DA LITERATURA?
Literatura ("littera", "letra", hitzetik etorria) "idatzita dagoena" izendatzen zuen latinezko terminoa zen, edukiak kontuan hartu gabe, edozein testu idatzia izan zitekeen "littera". XVI. mendeko Garcilaso bezalako olerkariek edo XVIII.eko Newton bezalako zientzialariek oraindik ere "literato" izena zuten. Denborarekin hori aldatu egin da eta gaur egun arte mota bat izendatzen da Literatura hitzarekin.
Hala ere, eztabaidak daude. Kritikari batzuek mamiaren arabera hartzen dute testu bat literariotzat -literatur lana irudimenezko lana da- eta, aldiz, beste kritikari batzuek hizkeran jartzen dute arreta -literatur testukoa hizkera ez-arrunta da-.
Literatur testu guztiak tradizioetan, generoetan, hizkuntzetan, garaietan eta abarretan sailkatzen dira. Horrela, mendebaldeko literatura hogeita zortzi mendeetan entzundako edo idatzitako testu guztiek osatzen dute: Homerotik eta Bibliatik orain arte.
Aristotelesen (K.a. IV. mendea) Poetika literaturaren definizioa egin zuen lehenengo testu teoriko garrantzitsua da. Aristotelesek esan zuen literatura hitzen bidez egindako imitazioa (grekaraz mimesis) dela, eta gozamena duela helburu. Osatzen duten elementu batzuk ere aipatu zituen:
A. Imitazio maila: literaturak gauzak edo pertsonak diren baino onago (idealismoa), txarrago (satira, parodia) edo diren bezala (errealismoa) aurkeztu ahal ditu.
B. Forma: imitazio poetikoa egiteko bi forma daude: prosa eta neurtitza.
C. Generoak: idazlearen ahotsa obran agertzeak hiru literatur genero bereizten ditu:
o Epikoa: olerkariak istorioa kontatu egiten du eta pertsonaiek hitz egiten dute.
o Dramatikoa: pertsonaiek bakarrik hitz egiten eta antzezten dute.
o Lirikoa: idazleak bakarrik hitz egiten du.
D. Estiloa: imitazio mailaren arabera, eta harekin erlazionatuta, hiru estilo daude:
o Bikaina (lerro estuak eta goi mailako hizkera): tragediari eta epikari dagozkio.
o Erdikoa (arrunta): komediakoa.
o Behekoa edo umila: aurkeztutako satiretakoa.
Aristotelesenatik at, beste poetika batzuk egon ziren antzinatasunean, Horazioren (K.a. I. mendekoa) Pisonentzako epistola bezala, geroago Arte Poetikoa deitua. Batez ere antzerkiarekin erlazionatuak diren beste agindu batzuez gain, Horaziok literaturak erabilgarria eta atsegina ("gozatuz ikastea") izan behar zela esan zuen. Agindu horrek eragin handia izan zuen, eta, orain arte, literaturaren helburua bi alde hauen artean ezarri da: artea artearengatik edo artea ideiarengatik.
Literatur manifestazioen eboluzioa kontuan hartuz, sartzen diren generoen historia egin daiteke.
a) Genero lirikoa
Ahots bakarra idazlearena denez gero, genero horrek mundu subjektiboa adierazten du normalean, neurtitzaren bidez, oro har.
o Forma klasikoak: oda, satira, epistola, egloga, epigrama (sonetoarekin, forma laburra bezala)... dira.
o Herriko formak: gabon kantak, abestiak, erromantze lirikoak eta abar dira.
o XX. mendetik aurrera, tradizioa alde batean utzita, olerkari askok ezarritako araurik gabe (metrika askea) edo prosan idazten dute.
b) Genero dramatikoa
Pertsonaiek bakarrik hitz egiten dute; aurkeztuta izateko idazten da.
- Genero dramatikoaren manifestaziorik garrantzitsuenak tragedia, komedia eta tragikomedia dira; azken horrek drama izena hartu zuen XVIII. mendean.
- Beste behe mailako genero dramatiko batzuk entremesa, sainetea (obra laburrak eta komikoak) eta auto sakramentala dira.
c) Genero epikoa
Genero honetan, idazleak istorioa kontatzen eta pertsonaiak mintzarazten ditu.
d) Genero didaktikoa
XVIII. mendean sortu zen genero hori. Horrela, irakatsi nahi zutenek literaturako irudimenezko eta hizkuntzazko baliabideak erabiltzen zituzten.
a. Elkarrizketak eta kolokioak: formari dagokionez, genero dramatikoaren barruan daude, pertsonaiek hitz egiten dute eta. Antzinatasunean eta Errenazimenduan oso garrantzitsuak izan ziren, edozein gairi buruzkoak.
b. Saiakera: gogoeta laburra (gutxi gora behera) da, zorrotza, atsegina eta edozein gairi buruzkoa. Idazlearen ikuspuntutik landua da, zehaztasun zientifiko handirik gabea.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.