Mahmud Darwish (1941-2008) Palestinako poetarik ezagunena da, eta bere lurraldearen arazoen lekuko literarioa. Poesia arabiarrean prestigio handikoa da.
GOGOAN IZAN BESTEAK
Gosaria prestatzen duzun horrek: gogoan izan besteak
(ez ahaztu usoei jaten ematen)
Zeure zereginetan borrokatzen zaren horrek: gogoan izan besteak
(ez ahaztu bakea eskatzen dutenak)
Uraren faktura ordaintzen duzun horrek: gogoan izan besteak
(hodeietatik edan behar dutenak)
Etxera, zeure etxera, itzultzen zaren horrek: gogoan izan besteak
(ez ahaztu kanpamenduetako herria)
Izarrak zenbatuz loak hartzen zaituen horrek: gogoan izan besteak
(badago lo egiteko lekurik ez duenik)
Metaforekin askatzen zaren horrek: gogoan izan besteak
(hitzaren eskubidea galdu dutenak)
Urruneko beste horiek gogoan dituzun horrek: gogoan izan zeure burua
(esan: ai, ilunpetan argizaria banintz!)
HAREN ALTZOAN EGOTEA BESTERIK EZ DUT NAHI
Nire lurrean hiltzea besterik ez dut nahi,
han ehortz nazaten
haren joritasunean batu eta desegin nadin,
eta berpizteko nire lurreko belar izan
berpizteko nire herrian hazitako
ume batek hostoak kentzen dizkion
lorea izan.
Nire aberriaren altzoan egotea besterik ez dut nahi,
eta lurra
belarra
edo lorea izan.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.