XV. eta XVI. mendeetako kultura mugimendua izan zen, Behe Erdi Aroan Florentzian hasi eta geroago Europan zehar hedatuz joan zena.
Hitza orduko garai historikoa izendatzeko ere erabiltzen den arren, kontuan hartu behar da Pizkundeko aldaketak ez zirela Europa osoan batera gertatu. Pentsamendu humanistari oso loturik dagoen mugimendu kultural horren oinarria Antzinate klasikoaren iturrietara itzultzea izan zen.
Pizkundea Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Izan ere, Erdi Aroaren amaiera eta Pizkundearen hasierako urteetan, oso denbora laburrean, Mendebaldeko gizartea oinarri-oinarritik inarrosi zuten aurkikuntza eta asmakuntzak egin ziren, Europan eta inguruko herrietan ere.
Jakintza klasikoa berpizteaz gain, Errenazimentuan kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren, Kopernikoren astronomia sistemak hartu zuen Ptolomeorenaren lekua, estatu nazioak eratu ziren, sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa hedatu zen; garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren (papera, inprimatzeko makina, itsasorratza, bolbora...).
Nolanahi ere, garai hartako pentsalarientzat ikasketa eta jakintza klasikoen eraberritze garaia zen hura batez ere, kultura pobretu zen urte luzeen ondoren heldua. Horretan erabakiorrak izan ziren Bizantziotik, otomandarrengandik ihesi, iritsi ziren jakintsuak eta testuak, horien bidez ezagutu ahal izan baitziren klasikoak.
Gaiak
Errenazimenduan poetak edertasuna bilatzea du helburu, eta horretarako gai eta forma berriak bilatzen ditu. Oreka da edertasunaren erakusgarria garai honetako artean, eta horretarako estilo zuzena, gehiegikeriarik gabekoa, bilatuko dute artistek, hau da, “gizakiaren neurrikoa”. Gaietan ere islatzen da planteamendu hau: edertasun orekatuaz eraturiko mundua sortzen saiatuko da idazlea: maitasuna, natura, mundu mitologikoa:
§ MAITASUNA. Emakumea idealizatu egiten da, perfektua da, edertasun zerutiarraz jantzita. Maitasun idealizatu honi “maitasun platonikoa” deitzen zaio, ia beti lortezina den maitasun perfektua, askotan espirituala. Naturaren edertasun perfektuaren isla ere bada emakume maitatua. Eta kanpoko edertasuna barneko edertasunarekin lotzen da, eta barneko edertasun moral honek Jainkoaren edertasunean du jatorria. Topiko literario batzuek neskaren honelako deskripzio idealizatuak arautzen dituzte (Descriptio Puellae). Askotan maitasun hori ezinezkoa da, korapilatsua, eta horregatik mingarria. Petrarca, Italiako poeta, izan zen formulazio berri hau bideratu zuen lehena. Horretarako trobadoreen “maitasun gortesaua” eredutik aurrera egin zuen, sentimenduak espresatzeko bidean; aurreko olerkigintzaren molde formal estuak gaindituz. Askorentzat Mendebaldeko Literaturan Petrarca izan da eragin handiena izan duen poeta. Berpizkundean eta ondorengo mendeetan, behinik behin, eragin erabatekoa izan zuen maitasuna tratatzeko moduan.
§ NATURA. Natura perfekzioarekin, orekarekin eta edertasunarekin lotzen da, harmonia lasaitasuna eta bakearen gunea, askotan babeslekua. Emakumea bezala, idealizatua agertzen zaigu: zuhaitz-gerizpe goxoak, erreka alaiak, belardi atseginak … Dagokion topiko literarioa Locus Amoenus da. Batzuetan natura giroko bizimodu lasaia, apala, xaloa eta umila goretsi egiten da gortearen nahasketaren aurrean (Beatus ille).
§ MITOLOGIA KLASIKOA. Grezia eta Erromako mitoek eta kondairek leku zabala dute Errenazimenduaren olerkigintzan. Prestigioa eta edertasuna ematen diote obrari. Poetarentzat gaia izan daiteke mito edota pertsonaia klasikoa bera; beste batzuetan erabil dezake adibide edo edertasun baliabide moduan, gai baten garapenean (askotan maitasunezkoa).
Estiloa
· Naturaltasuna eta soiltasuna bilatzen da estiloan, orekatua, ez puztua
· Esaldi korapilatsuak baino, zuzeneko adierazpen ulerkor eta argiak hobesten dira.
· Hiztegia eta esaldiak ez dira, horregatik, zailegiak izango. Edukia era errazean heltzea da helburua.
Estrofak
Europa osoan italiar jatorriko estrofak zabaltzen dira. Bertso-lerro ohikoenak: endekasilabikoa (hamaika silabakoa), heptasilabikoa (zazpi silabakoa) eta alexandrinoa (hamalaukoa). Zazpikoak eta hamakakoak batzuetan nahasiak topa daitezke poema berean. Estrofa motak:
Hiruko nagusia: hiru bertsoko estrofak, endekasilabikoak normalean; errima kontsonantea izaten dute; askotan errimaz kateaturik topatzen ditugu, egitura honekin: ABA BCB CDC…
Soneto. Hamalau bertso endekasilabiko (bi lauko eta beste bi hiruko); errima kontsonantea; ohiko egitura: ABBA ABBA CDC DCD (hirukoetan aldaerak egon daitezke: CDE CDE)
Zortziko nagusia. Errima kontsonantea duten zortzi bertso endekasilabikoak, egitura honekin: ABABABCC.
Lira. Bost bertso-lerro heptasilabiko eta endekasilabiko, errima kontsonantedunak; egitura: 7a 11B 7a 7b 11B.
Silva: Bertso-lerro endekasilabikoak eta heptasilabikoak, edozein errimarekin eta edozein banaketarekin.
Poesia azpigeneroak
Pizkundean azpigenero ohikoenak honakoak dira:
Egloga: Sentimenduak artzainen arteko elkarrizketen bidez adierazten dira. Maitasun kontuak izaten dira, giro natural idealizatu batean
Elegia: Pertsona baten heriotza dela eta, sentimenduen adierazpena. Askotan hiruko bertsotan emana.
Oda: Dotoreziaz jantzitako poema, ideiak eta pentsamenduak adierazteko, gehienetan zerbait goraipatzeko; bizitza apalaren eta lasaiaren goraipamena, ohikoa da Pizkunde garaian
Epistola edo gutuna: Poetak eskutitz itxura ematen dio testuari, beste pertsona bati zuzenduz. Pertsona hori erreala ala irudimenezkoa izan daiteke. Horrela poetak beren ideiak eta sentimenduak adierazten ditu.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.