XVIII. mendea "Argien Mendea" ere izan da deitua. Kulturan eta filosofian aurrerapen ugari egin ziren garai honetan. Arrazoimena goratzen da eta arrazoi hau da gidari, aurreko mendeetako ilunak, sineskeriak eta ezjakintasuna gainditzeko nahian. Zientzian aurrerapen handiak egiten dira; teknika berriak ere asmatu eta zabaldu egiten dira (lurrun-makina, txertoak, industria makineria, argiztatzeko gasa...). Giro kultural berri honetako interesen artean hezkuntzak eta jakintzak lehentasuna dute, eta ezagutzaren alde praktikoari ere ematen zaio garrantzia.
Ideologian Ilustrazioa da mugimendu nagusia. Politika, zientzia, erlijioa, tradizioak ... dena arrazoiaren galbahetik pasatu egiten da eta ideia eta balore berriak proposatzen dira, gizabanakoaren askatasuna eta duintasuna oinarri direlarik: tolerantzia, berdintasuna, gobernu demokratikoa, izpiritu kritikoa ... Pertsona guztiek hainbat eskubide izan behar dituztela aldarrikatzen da. Gizartea progreso eta modernitatearen bidean jartzeko asmoak gidatzen du politika, hau da, herritarren ongizatea bermatzea, Erregimen Zaharraren oinarriak kritikatzen diren bitartean (monarkia absolutistak, elizaren eta nobleziaren pribilegioak, ohitura eta sineskera ez arrazionalak ...). Arrazoimenean oinarritutako sistema proposatzen dute.
Literaturan balore hauek guztiak jasotzen dira, eta horregatik joera didaktikoa nagusi izaten da: literaturak ere alde praktikoa, hezigarria, izan behar du. Literaturaren funtzioetako bat gizartea hobetzea da, eta horregatik nobela satirikoak, antzerkiak eta fabulak idazten dira, gizartearen alderik makurrenak kritikatzeko eta beste antolaketa soziala proposatzeko (Samaniegoren fabulak edota "Gulliverren bidaiak" liburua, adibidez). Horretaz gain saiakera izango da genero literario nagusia gizarteari eta gizakiari buruz gogoeta egiteko eta ideia filosofiko-politiko berriak plazaratzeko (Diderot, Rousseau, Voltaire, Montesquieu).

VOLTAIRE
DIDEROT eta ENZIKLOPEDIA
ROUSSEAU
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.