ERROMANTIZISMOSTEA
"Edertasuna, honi esker mundua ez da hain zitala eta denbora arinago doa"
(Charles Baudelaire, Hinmoa Edertasunari)
"Edertasuna, honi esker mundua ez da hain zitala eta denbora arinago doa"
(Charles Baudelaire, Hinmoa Edertasunari)
XIX. eta XX. mendearen artean arte proposamen berriak garatu ziren Europan. "Erromantizismostea", "Mende Amaierako Espiritua” (“Fin de Siècle”) izenak eman zaio joera eta sentsibilitate berri honi. Artean, eta literaturan ere, mugimendu artistiko berritzaile batzuk egon ziren, ezaugarri desberdinak zituztenak. Hala ere, badira komuneko abiapuntu batzuk:
Gizarte burgesari kritika egiten zaio artearen bidez. Diruaren eta lanaren arabera antolatutako bizitza ordenatuari uko egiten dio artistak. Balio burgesak (bizitza lasaia eta arrunta, negozioen lehentasuna, portaera deigarririk ez, itxurak gizartean zaindu …) itogarriak, hipokritak eta aspergarriak zaizkio. Bizimodu libreagoa bilatzean, egoteko eta izateko bi eredu sozial berri sortzen dira garai honetan:
Bohemioa: Bizitza desordenatua daraman artista izaten da, gizartearen bazterretan kokatuta, droga, alkohola, prostituzioa giroan. Gogoko ez duen errealitate jasanezinari bizkar ematen dio. Askotan etikarik gabeko jarrera erakusten du, batzuetan arriskutsua ere gerta daiteke bere buruarentzat.
Dandia: Bere janzkeran, portaeran eta hitzetan orijinaltasuna da nagusi, edertasun eredu propioa du eta ez du lotsarik horrela agertzeko, besteen arrunkeriaren gainetik sentitzen da.
Asperdura sentimendua nagusitzen zaie artistei. Inguruko errealitatean ez dute aurkitzen beren egarria eta nahiak beteko dituen ezer. Giro eta leku arrunta, hutsala, faltsua da aurkitzen dutena, eta bizitza bera zentzurik gabea da. "Spleen" deitzen diote sentimendu horri, eta askotan obra artistikoetan islatzen dute.
Edertasunaren bila abiatzen da artista, artea baita aterabiderik onena. "L'art pour l'art" ("Artea arteagatik") da lema: arteak berak sortzen du errealitate itsusi eta arruntetik ateratzeko bidea. Edertasuna mirestu eta bilatzen dute, berez. Obra bera da inportanteena, ez dago ezeren zerbitzuan. Jarrera estetizista da (estetika beste balioen gainetik jartzea).
Iheserako joera da beste ezaugarrietako bat. Sentsualitatea da ihesbide bat, plazerraren eta erotismoaren bidez. Beste ihesbidea aspaldiko garai eta lekuetara jotzea da, mitologiarekin, historiarekin, giro exotiko bereziekin...
Irrazionalismoa ere aipatu behar da. Ezagutzarako bide artistikoa aldarrikatzen dute, intuizioari lotua, arrazoimena eta zientzia alde batera utzita. Bizitzaren beraren indarrak dauka lehentasuna, erlijioak garrantzia galdu duen gizarte honetan.
Urte hauetan korronte literario desberdinak daude, eta idazleek askotan bateko eta besteko eragina erakusten dute, testuaren eta garaiaren arabera. Labur-labur adierazita, honakoak izan daitezke korronte nagusiak:
PARNASIANISMOA: Arte oso ondo landua forma aldetik proposatzen zuen korronte honek, baina sentimendua alde batera utzita. Edertasun formala bilatzen da (Parnaso mendia mitologia klasikoan poeten aberria da, musen bizilekua). Zehaztasuna eta perfekzioa dute jomuga.
SIMBOLISMOA: Olerkia erralitatea ezagutzeko bide bat da , baina zeharkakoa, sinboloen bidez, metaforen bidez, adierazpen iradokitzaileen bidez. Misterioa giroan sortzen dute obra, sentipenak adieraziz, metaforak landuz ... Konnotazioa da nagusi literaturak sortzen duen mundu irrealean. Hizkuntza oso zaindua dago, espresioan berritasuna bilatzen dute: irudi esanguratsuak, perpaus harrigarriak, musikalitatea (Verlainek: "Musika, lehenik eta behin, musika").
DEKADENTISMOA: Jarrera artistiko honek dekadentziarekin lotzen da: historiako garai "dekadenteak" (Erromako inperioaren hondamena, adibidez) miresten ditu, eta Europa antzeko egoeran dagoela pentsatzen dute. Dekadentzia hori onartu egiten dute, gizartea indarrik gabe, eroria, erabat etsita ikusten dutelako. Dekadentzia ez dute kritikatzen; alderantziz, dekadentzia horretan alderik berezienak, dotoreenak, gogokoenak bilatzen dituzte, bizitzaren gozamena helburu; errealitate arruntetik artearen bidez eta plazerraren bidez ihes egin nahi dute. Arau moralei kasurik egin ez eta batzuetan krudelkeria ere erakutsi dezakete, finezia handiz jantzita, hori bai. Verlainek, bertso batean: Dekadentziaren amaieran dagoen inperioa naiz ni.
MODERNISMOA ("Art nouveau"): Aurreko korronteen eragina badu, eta arkitekturan, pinturan, eskulturan, dekorazioan, diseinuan ... eragin handia izan zuen XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran (Gaudí, Mucha). Edertasuna bilatzen dute dekorazio aberatsarekin, kolore eta forma orijinalak, landuak, oparotasunez beteak. Poesia alorrean bereziki gaztelaniazko literaturan izan zuen eragina (Rubén Darío, Valle-Inclán, Machado ...).
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.