Literaturak helburu honakoa zuen: errealitatea jaso, eta horren analisi zehatza egin. Pertsonaiak eta eszenatokiak arreta handiz deskribatzen dira. Eta ez dira idealizatzen; aitzitik, eguneroko errealitatean oinarritzen da idazlea, inguruan dituek pertsonak eta lekuak dira literaturaren iturria eta erreferentzia. Askotan idazleak informazio bilketa zabala egiten du, islatu nahi duena behar bezala jasotzeko. Klase ertaina, burgesak, proletariadoa eta jende txiroa, denetarik aurki daiteke obra errealistetan, gizartearen argazkiak balira bezala. Deskripzio zehatzak egiten dira, pertsonak, objektuak, janzkerak, gelak ... edozein errealitatek balio du liburura salto egiteko. Sinesgarria, objektiboa eta gertukoa nahi da literatura.
Helburua gizartearen egoera aurkeztea eta bere alde ilunak kritikatzea da. Injustiziak, diruzaletasuna, pobrezia, gezurrak, arazo politikoak, bizi baldintza latzak ... ohiko gaiak dira idazle errealistentzat. Mediku baten antzera, diagnostikoa egiteko erabiltzen da testu literarioa. Joera hau muturreraino Naturalismoak eramango du, Emile Zola idazlearen eskutik.
Pertsonaien analisi psikologikoa era sakonean egiten da. Portaerak zehaztasunez aztertzen dira eta behaketaren bidez pertsonaiak zerk mugiarazten dituen lantzen da. Pertsonaien barne-mundua, grinak, asmoak, bizi-baldintzak gizakia, hau da, gure burua, hobeto ezagutzeko aukera ematen du literatura mota honetan. Flaubert edota Dostoievski maisuak dira horrelako literaturan.
Hau guztia egoki bideratzeko, gertuko lekuak eta gertuko garaiak behar-beharrezkoak dira lan literarioan. Momentuko arazoen kezka dago literaturaren atzean. Stendhal idazle handiaren hitzetan: "kaletik paseatzen den ispilu bat bezalakoa da nobela". Historia gertaera gertukoak kontatuko dira, garaiko eszenatokietan garatuko da ekintza, gizartean topa litezkeen lanbideak, portaerak, gatazkak izango dute lekua obra literarioan.
Genero ohikoena literatura mota honentzat nobela edo eleberria da. Bertan jaso daitezke mundu garaikidearen arazoak, pertsonaiak, ohiturak, joerak, lekuak ... era aberats batean. Nobela sozialak edota psikologikoak dira, gizartearen kezkak plazaratzen dituztenak, inguruan eta gure barnean daudek egiak zuzenean jaso nahi dituztenak. Nobelak gehienetan kapituluka argitaratzen ziren, aldizkari eta egunkarietan, eta irakurle kopurua handituz joan zen hezkuntzak gero eta herritar gehiagorengana heldu ahala. Garapen ekonomikoak burgesiaren garapena ekarri zuen eta honekin batera analfabetismoa murriztuz joan zen Europako herrialdeetan.
Ikuspegi zientifikoa muturreraino eramaten da pertsonaien portaerak azaltzeko. Horrela gizartearen gaitzak azalarazten dira eta horien kritika zorrotza egiten da. Horretarako norberak jasotako herentzia genetikoa eta baldintza sozialak erabiltzen dira. Nobelak bi atal hauek hartzen ditu eta honekin gizartearen alderik muturrekoenak eta latzenak azaltzen dira, analisi hotza eginez.
Huckleberry Finn-en abenturak (nobela)
Tom Sawyerren abenturak (nobela)
Tom Sawyer detektibe (nobela laburra)
Gizonarentzat egin ote zen mundua? (saiakera)
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.