Augsburgo, 1898 - Berlin, 1956
Alemaniako idazle hau batez ere antzerkian nabarmendu zen, poema gogoangarriak ere utzi bazituen. Ezkerreko ideologia zuenez, Hitlerrek boterea lortu zuenean ihes egin zuen eta Amerikako Estatu Batuetan bizi izan zen. Gerra eta gero Ekialdeko Alemaniara itzuli zen eta bertan, Berlinen, hil zen 58 urterekin.
Ekarpen handiak egin zituen antzerkiaren tekniketan. Bere lanetan irakurlearen kontzientzia piztea du helburu, gizartea kritikatzeko tresna da literatura.
POEMAK ETA TESTUAK:
Etorkizuneko jendeari (J. Sarrionandiaren itzulpena)
LANGILE BATEN GALDERAK LIBURU BATEN AURREAN
Zazpi Atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?
Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri.
Erregeek garraiatu ote zituzten harritzat haundiok?
Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia,
nork jaso zuen beste hainbestetan? Lima distirant hura
eraiki zuten langilleak, ze etxetan bizi ote ziren?
Txinako Harresia bukatu zen iluntzean:
nora jo zuten harginek? Erroma bikain hura
garaitza arkuz beterik. Nork altxatu zituen?
Nortzuk menperatu zituzten Zesarrek?
Hain ospetsua zen Bizanziok, jauregiz besterik
ez ote zuen bertako jendearentzat? Alegiazko Atlantidan berebat,
itsasoak irentsi zuen gauean, biztanleak ito zorian
oihuka ari zitzaizkien beren esklaboei leguntza eske.
Alejandro gazteak India bereganatu zuen.
Berak bakarrik ote?
Zesarrek galoak menderatu.
Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen?
Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Federiko Bigarrenak Zazpi Urteko Gerra irabazi.
Nork bestek zuen irabazi?
Garaitza bat orrialde bakoitzean.
Nortzuk atondu zituzten garaitza banketeak?
Hamar urtez behin gizon haundi bat.
Nork ordaintzen zituen haren gastuak?
Zenbat historia, hainbat galdera. Historiak bezainbat galdera.
Zenbat historia! Zenbat galdera!
MARTXA BATEN LEHEN NOTAK
Eguzkiak urtzen du goian
gailurretako euria
uharka da jausten ibarrera
geldigaitza den oldarra.
Gure baita datza eguzkia
iluna eta izotza
urratu dezakeen argia
urtuko duen bihotza.
Bihotza bezain bero zabalik
besoak eta eskuak
gorririk ikus dezagun egia
argiz beterik burua.
Bakoitzak urraturik berea
denon artean geurea
etengabe gabiltza zabaltzen
gizatasunari bidea.
Inon ez inor menpekorokan
nor bere buruaren jabe
herri guztioak bat eginikan
ez gabiltza gerorik gabe.
Batek goserikan diraueino
ez gara gu asetuko
beste bat loturik deino
ez gara libre izango.
LILURARIK EZ (Liluraren kontra)
Ez dago itzultzerik
Lilularik ez!
eguna atean dago
ez da izango beste goizerik.
haize hotza dakar
Tronpatzerik ez! ez da aski izango
bizitza ez da huskeria,
edan ase arte beretik denbora ez da luzea,
galtzear zaudelarik.
Kontsolatzerik ez!
galtzea, litzake galtzea dena.
ustelak lurpera
bizitza da haundiena
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.