Alejandra Pizarnik (1936-1972) Argentinako poeta garrantzitsua da. Literaturara gazterik zaletu zen eta bereziki erromantizismoaren, sinbolismoaren eta surrealismoaren eragina izan zuen bere lanetan.
Obra oso aberatsa eta oso sentikorra utzi zuen, gehiena poesia arloan. Bere gaien artean heriotza eta bakardadea dira nagusi. Horretaz gain narrazioak eta eguneroko bat ere idatzi zituen.
ERRAUTSAK
Gaua izarretan ezpaldu zen
niri zurturik so eginez
aireak gorrotoa du egozten
begitartea musikaz
ederturik.
Laster joango gara
Amets isilekoa
ene irribarrearen arbasoa
mundua zargaldurik dago
eta giltzarrapoa badago baina giltzarik ez
eta izu-ikara badago baina negar-anpulurik ez
Zer egingo dut neure buruarekin?
Ze zuri zor dizut naizen hau
Baina ez dut biharrik
Ze zuri…
Gaua sufritzen ari da.
SOILIK
ulertzen dut jada egia
nire desiretan
eta nire zorigaitzetan
nire konponezinetan
nire oreka ezetan
nire eldarnioetan
lehertzen da
ulertzen dut jada egia
orain
xerka dezadan bizitza
EZA
Nik ez dakit txoriez,
ez dut suaren historia ezagutzen.
Baina daukat nire bakardadeak hegoak behar lituzkeela.
KAIOLA
Kanpoan eguzkia dago.
Eguzki bat baino ez da
baina gizonek begiratzen dute
eta gero kantuan hasten dira.
Nik ez dakit eguzkiaz.
Nik badakit aingeruaren melodia
eta azken haizearen
sermoi beroa.
Badakit oihukatzen egunsentia arte
heriotza nire itzalean
pausatzen denean biluzik.
Nik neure izenaren azpian egiten dut negar.
Nik zapiak astintzen ditut gauean
eta errealitate egarri diren ontziak
nirekin dantzatzen dira.
Nik iltzeak ezkutatzen ditut
neure amets gaixoez trufatzeko.
Kanpoan eguzkia dago.
Ni errautsez janzten naiz.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.