Erdi Aroaren amaieran, epika bazter geratu zenean, zaldunen inguruko gaiak nobeletan iraun zuen. Gesta kantuak ez bezala, genero berria irakurtzekoa zen. Lehendabiziko aldiz, gainera, ozenki irakurtzeko idatziko dira testuak, eta ez kantatzeko. Horregatik ere, narrazioa konplexuagoa zen, eta egileak ezagunak eta jantziagoak.
Roman courtois izena ere eman zitzaien testu hauei: erromantzez idazten zelako eman zitzaion roman izena, gero hitz horrek beste esanahi bat hartuko bazuen ere, eta gortean eta gorteko jendearentzat idazten zelako, berriz, courtois kalifikatzailea.
Giro feudaleko gerrarien eta armaden ordez, protagonista zaldun ibiltaria da, beti abentura miragarrien bila. Ahulen alde azaltzen da, erraldoien eta munstroen kontrako borrokan, fantasiazko inguru geografiko baten barnean. Maitasunak ere berebiziko garrantzia du, trobadoreen maitasun adeitsuaren ildotik.
Oraindik ere bardoek kontatzen dituzten mito zelta zaharrak izango dira kontakizunen gaiak. Idazleek alde bat uzten dute auctoritas-a, ez da beharrezkoa kontatzen dena benetan gertatua izatea, toki gehiago ematen zaio irudimenari eta asmakizunari. Hori da, hain zuzen ere, roman-aren modernotasuna eta haren ekarpenetako bat, fikzioaren sorrera.
Generoaren aitzindaria Chretien de Troyes izan zen, XII. mendearen bigarren erdian. Chretien de Troyesek XII. mendearen amaiera aldera idatzi zituen roman-etan mundu berriak asmatu zituen, mundu bitxi eta magikoak garaiko hirien eta salerosketa giro biziaren irudiekin nahastuz. Chretienek conjointure izena ematen zion narrazioaren egitura landua da idazle horren merezimendu nagusia, bere benetako aurkikuntza eta roman-ari literatur maila jasoa eman ziona.Bere obrak laburrak ziren, oraindik zortzi silabako lerroez osatuak; adibidez Erec y Enid, Lancelot o El caballero de la carreta, Perceval o El cuento del Grial. Haiekin finkatu zen «Bretainiako gaia» delakoa zaldun literaturaren eredu gisa, hots, Arturo erregea eta Mahai Biribileko zaldunen ibilerak Grial Sainduaren bila. Ustekabeko gertakizun batek hausten du hasierako bakea eta harmonia eta horrek abiarazten du abentura, berriro ere bakea ezartzen den arte. Heroien sentimenduak eta amodio kontuak, zaldun-ekintzak bezain garrantzitsuak dira Chretienentzat. Bere roman guztietan amodioarekin eta zalduntzarekin zerikusia duen arazoren bat planteatzen da.
Harrezkero bigarren mailan geratu ziren XIII. mendeko beste nobela batzuk, bertsotan eginak eta Antzinaroko pertsonaietan oinarrituak. Era berean, bere egin zituen Tristan eta Isoldaren maitasun tragikoa lantzen zuten nobelak. Aipatzekoa da, bestalde, Maria Frantziakoa emakume poeta, zaldun kontakizun laburren egilea.
Ordura arte, prosa soilik erabiltzen zen historiografian edo zientzia liburuetan; XIII. mendean lehenbizikoz agertu ziren prosaz idatzitako elezahar arturikoak: frantsesezko Lancelot-Graal luzea edo Gottfried von Strassburgen Tristán alemaniarra, kasu. Haien ondoren ugariak izango ziren frantsesezko eta probentzerazko zaldun nobelak eta abenturazkoak. Espainiari dagokionez, korronte horretakoak dira La Gran conquista de Ultramar eta El caballero Zifar, biak XIV. mendekoak.
Roman de Renart (XII-XIII m.): poema sorta honetan epika eta nobela adeitsua barregarri ageri ziren; protagonista Renart da (azeria), gizakien gizartea imitatzen duen animalien gizarte batean.
Roman de la Rose: poema luze honek, hogei mila lerrotik gorakoak, arrakasta handia lortu zuen XIV. eta XV. mendeetan. Lehen zatia (lau mila lerro inguru) Guillaume de Lorrisek idatzi zuen 1225. urte aldera; maitasun adeitsuaren alegoria moduko bat da (gazte bat lorategi batean sartu eta Arrosarekin maitemintzen da). Beste zatia -saiakera kutsu nabariagokoa eta interes gutxiagokoa- Jean de Meungek idatzi zuen berrogei urte geroago.
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.