Rimbaud, Arthur. Poeta frantsesa (Charleville, 1854 - Marseille, 1891). Eskolan bertan egin zituen lehen poesia lanak, V. Hugo-ren eta Parnasoko poeten eragina agertzen dutenak. La Comunne deituriko matxinadaren denboran (1871ko martxoan) Parisera joan zen. Le bateau ivre (Itsaontzi hordia) olerkia Verlaine-ri bidali eta, maisuaren eskutik, Parisko literatura giro bohemioa ezagutu zuen.
Rimbaud-en arabera, sentiberatasuna zorroztea da poetaren eginbidea eta hartarako era guztietako bizikizunak erabili behar ditu, gero inolako kontrolik gabe biak adierazteko. Rimbaud-ek erakarririk, Verlaine-k emaztea eta semea abandonatu zituen eta elkarrekin bizi izan ziren biak Parisen, Belgikan eta Londresen. 1873ko uztailean, berriro Belgikan zirela, eta liskar askoren ondoren, haserrealdi batean Verlaine-k tiro egin eta Rimbaud arinki zauritu zuen.
1873an berean, Rimbaud-ek gizarte amoral berria eta poesia ez konbentzionala sortzeko ahalegin guztien porrota aitortzen zuen Une saison en enfer obran (Denboraldi bat Ifernuan). Orobat, Illuminations (Argitzapenak) prosazko poemek osaturiko obra ondu zuen (1875ean amaitua eta 1886an Verlaine-k argitaratua).
Handik aurrera, literatura alde batera utzirik, Europan zehar bidaiari ibili zen, abenturazko eta miseriazko bizitza ezagutuz. 1880tik aurrera Etiopia aldean (Aden, Harar) boli eta arma merkatari gisa lan egin zuen. Belauneko tumore baten karietara, 1891ko ekainean Frantziara itzulirik, Marseilleko erietxe batean hil zen.
Ibarrean lo
Badago bazter berde-berdea erreka batek kantatzen duen lekuan
Eta errekak ingurua desordenazko izpiz betetzen du,
zilarrezko izpiez; han mendi basatiaren eguzkiak
distira egiten du; ibar txiki bat da, argi distiraz betea.
Soldadu gazte batek, ahoa irekia, burua estali gabe,
Ur-berro landare freskoetan burua,
Lo egiten du; etzanda dago belarretan, zeruaren azpian,
Zurbil datza ohe berdean, inguruko argi-izpien eurian.
Oinak gladioloen artean, lo dago. Irribarrez,
Ume gaixo batek irri egingo lukeen moduan, ametsetan:
Natura, maitasunez kulunka ezazu; hotz da.
Inguruko perfumeek ez diote sudurra mugiarazten;
Eguzkitan lo dago, eskua bularrean
Lasai. Bi zulo gorri ditu eskuineko aldean.
Harria Marseillako ospitalean, Rimbaud hil zen lekuan. Testuak Rimbauden bertso batzuk dakartza:
"Kanpandorretik kanpandorrera sokak zabaldu ditut.
Girlandak lehiotik lehiora.
Urrezko kateak izarretik izarrera
eta dantzan ari naiz"
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.