Erdi Aroko Elizak zioenez, hiru gizaki ordena edo multzo zeuden, eta bakoitzak bere eskubideak, betebeharrak eta bizimodua zituen. Horrela, batzuk (apaizak) otoitzari emanda bizi behar zuten, beste batzuen (gerrarien) zeregina borrokatzea zen, eta hirugarren multzoak (nekazariek) lan egin behar zuen. Gizarteak egoki funtzionatzeko, ezinbestekoa iruditzen zitzaien hiru ordenen arteko harremanak onak izatea, elkarren mende baitzeuden.
Elizaren arabera, hiru ordenak (noblezia, kleroa eta nekazariak) Jainkoak ezarriak ziren, eta, beraz, inork ez zituen zalantzan jartzen. Dena den, nobleziakoa edo goi-klerokoa izateak ez zuen bizibidea bermatzen, azken finean, gizarte-antolamendua askoz ere sinpleagoa baitzen. Batetik, pribilegiatu gutxi batzuek (aristokraziak eta Elizako goi-karguek) boterea eta lurrak zituzten; bestetik, biztanle gehienak boteretsu horien mende zeuden.
Nobleen artean ere hainbat aberastasun maila eta gizarte-egoera zeuden. Mailarik gorenean, noblezia zegoen, pribilegiatu gutxi batzuek (duke, markes, konde, bizkonde eta baroiek) osatzen zuten taldea. Botere eta lurrak beraien esku zeuden.Nobleziaren beheko maila zaldunek eta kapareek osatzen zuten.Denak bat zetozen ezaugarri honetan: gerlariak ziren, lanbidez. Ez zuten bestelako ogibiderik, eta ez zuten zergarik ordaintzen. Beren lurretako biztanleak babesteaz arduratzen ziren, besterik gabe.
Nobleen arteko harreman-sistema leialtasunean oinarritzen ziren; denak ziren jaunak eta basailuak, aldi berean. Nobleen gainetik, jaun bakarra zegoen: erregea.
Erdi Aroaren hasieratik, Europako biztanle gehienak kristauak ziren. Gerrak, izurriak eta goseteak nagusi zirela, babesgabeen kontsolamendu bakarra erlijioa zen. Egoera horretaz eta fededunen ezjakintasunaz baliatuta, Eliza jendearen eguneroko bizimodua moldatzen eta arautzen hasi zen. Alderdi guztiak finkatu zituen: bizitzako unerik garrantzitsuenak (bataioa, ezkontza etab.), jaiegunak, lanorduak, atseden-orduak... Izan ere, gizakien eta izaki gorenaren arteko bitartekaria zen, eta eskariak Jainkoari helarazteko ahalmena zuen. Karitatea, otoitza, ondasunak dohaintzan ematea eta mezetara joatea funtsezko betebeharrak ziren, Jainkoa ez haserretzeko eta paradisuan sartzeko.
Horrela, Elizak oso botere handia, pribilegio asko eta ondasun izugarriak lortu zituen. Apaizek ez zuten zertan zorrik ordaindu eta lege jakin batzuk bete. Fededunek emandako ondasunei esker —horrela, zerura joango zirela uste baitzuten—. lur asko bereganatu zituen. Goi-karguek jabetza horiek jaun feudalen antzera kudeatzen zituzten.
Askotan, landaguneetako elizetako apaizak jaunak berak aukeratzen zituen, feudoko kolonoen artean. Horrelako apaiz asko ezjakinak ziren, eta sineskeria ugarikoak. Gizarteak bezalaxe, Elizak ere piramide-egitura zuen. Mailarik gorenean Aita Santua zegoen, bigarren mailan, kardinal eta artzapezpiku gutxi batzuk, eta, hirugarrenean, gotzainak (elizbarrutietako buruak). Parrokoek eta apaizek maila baxuagoan zeuden. Erdi Aroan, bestalde, monasterio eta komentu asko eraiki ziren, eta horietan bizi ziren monjeek eragin handia izan zuten kulturaren transmisioan.
Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen, artisauak, artistak eta merkatariak bazeuden ere. Nekazariak eta gainontzekoak gizaki libreak ziren, baina gehienetan jaun baten babespean bizi ziren, hari zergak ordainduz. Beste batzuek, ordea, ez zuten askatasunik: lurrari lotutako jopuak ziren, eta beren bizi-baldintzak esklabotasunetik hurbil zeuden. Izan ere, jopu batzuk garai bateko esklaboen ondorengoak ziren, eta jaunak utzitako lursailak lantzen zituzten; beste batzuk epai judizialen ondorioz bihurtu ziren jaun baten mendeko zerbitzari. Biztanlerik pobreenak “beren borondatez” bihurtzen ziren jopu, ez baitzuten bizirauteko bestelako baliabiderik. Kasu horretan, oso erritu adierazgarria egiten zen: jopuak soka bat ezartzen zuen lepoaren inguruan, hainbat lekukoren eta jaunaren aurrean.
Erdi Aro Behean (XII. mendetik XV. mendera) gizartea aldatu egin zen faktore hauei esker:
Orduan ezezaguna zen oparotasun maila lortzen lagundu zuen garapen ekonomiko handiari esker.
Hiri bizitza agerrarazi zuen hirien hazkundeari esker.
Enbaxaden eta merkataritza-trukaketaren bidezko urrutiko herriekin harremanak areagotzeari esker, gurutzadetatik aurrera, batez ere.
Horren ondorioz, ohitura berriak sortu eta ideia berriak zabaldu ziren, eguneroko bizitzan gustuak finduz eta pentsaera mundukoago bihurtuz.
Aipatu dugunez, Erdi Aroko europar zibilizazioa hiru osagairekin osatzen da: kultura klasikoaren ondarea, germaniar gizarte-eredua eta kristautasuna. Azken honek bizitza eta artea gidatzen zuen: gizarte teozentrikoa zen, eta helburu nagusia salbamena lortzea zen: mundu hau zeruko betiko bizitza lortzeko bide neketsua baino ez zen, haien ikuspegian. Horregatik, besteak, beste, pentsatu eta adierazi da garai hau "ilun" bezala, ezjakintasunaren eta atzerapenaren erakusgarria. Baina ez da honela, ez behintzat Erdi Aroa bere osotasunean hartzen badugu:
Bere sorkuntza intelektualak nabarmenak dira: eskolastikaren filosofia eta teologia sistemak (Tomas Akinokoa), monasterioen gidaritza kultura zaintzen eta garatzen, sortutako unibertsitate handiak eta hauen inguruko sorkuntza eta ikerketa ...
Artean ere asko dago aipatzeko: eliza eta katedral erromanikoak eta gotikoak, miresgarriak eta ederrak; eskulturak eta pinturak duen garapena Erdi Aroko mendeetan zehar ...
Erdi Aroaren hasieran, literatura beti agertzen da bertsotan paratua. Horrek erraztu egiten zituen kantua eta errezitazioa, ezinbestekoa obra bat entzule eskolagabeen artean zabaltzeko. Beraz, bi generoak bertsotan idatziko dira, baina denborarekin narratiba prosako testuez baliatuko da, bereziki ipuingintzaren alorrean.
Lantzeko, hona hemen hiru atal nagusiak:
lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.